Donostian inoiz baino proiektu gehiago filmatu dira
Urtarrila eta iraila bitartean 7 film luze filmatu dira hirian; ‘Zuloak’, ‘Arteros’ eta ‘Amaren eskuak’, besteak beste
Donostiako Sustapenak, Film Commission-en bitartez inoizko daturik onenak jaso ditu. Urtarrila eta iraila bitartean guztira, 69 proiektu filmatu dira: hainbat publizitate proiektu eta dokumental, besteak beste.
Film Commission hirian ikus-entzunezko alorra sustatzen duen zerbitzua da. Abian jarri zenetik, datu onenak jaso ditu aurten. Bereziki azpimarratu beharra dago, guztira 69 proiektu filmatu direla: telebista saio 1, publizitate proiektuak, film luzeak, dokumentalak… Zuloak, 15 años y un dia, Arteros, Amaren eskuak, Tres –60, Zipi y Zape y el club de la Canica eta El metodo Arrieta filmei laguntza eman die Film Commissionek.
Gracia Querejetaren 15 años y un dia Kontxako pasealekuan filmatu da. Karmele Jaioren elaberrian oinarritzen den Amaren Eskuak, Amara eta Loiola auzoak aukeratu ditu bere filmatze lanetarako. Alex Ezkurdiaren Tres – 60 film luzea, berriz, aurten filmatutako luzeena izango da. Guztira zortzi astez ariko dira filmatzen. Artikutza, Zurriolako hondartza eta Aieteko jauregia izan dira film honetako eszenatokiak, besteak beste.
Zipi eta Zaperen abenturak Artikutzan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Uliako ur biltegi zaharrean filmatu dituzte. Gernika Bajo las Bombas Miramar eta Aieteko jauregietan eta Villa Soron filmatu da.