Sentimenduak sortzen dituen artista
Santi Bosch (Donostia, 1963) buru belarri lanean harrapatu dugu Amarako Amezketa kaleko 10. zenbakian duen tailerrean. Ez du ordutegirik, ez du gidoirik, berezko etorriari eta senari jarraituz sortzen du.
Txiki-txikitatik dago artearekin lotua. Eskolan matematika ikasten baino denbora gehiago pasatzen zuen bere ikaskideak margotzen. Heziketa bortitza jasan behar izan zuen, eta bihurri samarra izatera kondenatu zutela onartzen du irrifarrez.
Argentina, Kuba eta beste hainbat lekutan ibiltzeko aukera izan dut, eta nire estilo propioa lantzen ikasi dut», dio Santi Boschek. Hala ere, oso zorrotza da bere buruarekin, eta erabat gauza berriak probatzen, asmatzen jarduten du.
Edozer gauzak piztu dezake bere etorria, baina gehienetan naturako elementuak izan ohi dira: hostoen formak, zuhaitzen adarrak, sustraiak, harriak… Santi Boschen esanetan, «naturako elementuez gain, nire subkontzienteak esaten dit zer egin».
Arazoak arte bihurtuta
Altzariak berritzen zituen Santi Boschek, eskiatzen hanka apurtu zuen arte. Ez zen gauza bere lanarekin jarraitzeko, baina artera bueltatzeko aukera eman zion istripuak. Barneko sormena bizitzan izan dituen hainbat pasartek ere pizten diote. Hamalau urte besterik ez zituen aita galdu zuenean, eta heriotza present dago bere lanetan. Baita soinua, isiltasuna, zaratak…entzumenarekin loturiko guztia ere. «Belarri bateko entzumena galdu nuen eta zaratek bete zuten nire bizia, baina zarata horiekin bizitzen ikasi dut»
Santibosch.blogspot.com orrialdean ezagutu daiteke artista donostiarraren lana.