Jon Anzaren heriotzaren ikerketa itxi du epaileak
Anzaren familiak hiru hilabete ditu orain erabakiari helegitea jartzeko
Iragan ostiralean jakinarazi zuen Myriam Viargues instrukzio epaileak Frantziako Zigor Kodearen 175. artikulua aplikatuko duela, eta beraz, amaitutzat emango duela Jon Anza desagertutako ustezko ETAko kidearen heriotzaren gaineko ikerketa.
Anzaren familiak hiru hilabete ditu orain erabakiari helegitea jartzeko. “Auzia argitzeko egin ez denari eta, batez ere, oraindik argitzeke dagoenari erreparatuko diote gure oharrek”, adierazi du Maritxu Basurko senideen abokatuetako batek. Erantsi du ikerketak ez duela hipotesirik baieztatu.
“Jon izan ez balitz izan zena, tratu bera emango al liokete?” galdetu du Basurkok. Lankidetza falta eta egin beharrekoa ez egitea egotzi dio abokatuak instrukzio epaileari: “Aintzat hartuak izan ez direnaren sentipena dute senideek”.
Kronologia
2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza euskal militantea. 47 urte zituen Anzak, intxaurrondotarra zen, baina Ahetzen bizi zen. Hogei urtean egona zen preso.
Desagertzearen egunean haren neska-lagunak preso ohia Baionako tren geltokira eraman zuen, eta hark Okzitaniako Tolosarako trena hartu zuen. Bost egun geroago hasi ziren senideak kezkatzen. Izan ere, minbizia zuen Anzak. Bordeleko erietxean ordua hartua zuen apirilaren 24rako, eta ez zen agertu.
Lehen bilatze saioak
Senideak berehala hasi ziren Anzaren bila. Sorospen zerbitzuetara jo zuten lehenik, erietxeren batean ote zegoen galdezka. Ospitale askotara deitu zuten; tartean, Anzaren gorpua agertu den Tolosako ospitalera.
Abokatuek salaketa jarri zuten Baionako auzitegian, bilatzeko prozedura hasteko. Maiatzaren 21ean ETAren agiria kaleratu zuen Gara egunkariak. Anza ETAko kidea zela zioen, eta Poliziak bazekiela hori. Apirilaren 18an Okzitaniako Tolosan ETAkoekin gelditua zela harekin, baina ez zela iritsi. “Gerra zikinarekin” lotu zuen desagerketa.
ETAren salaketa “gezurra” zela esan zuten jarraian Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Ekainean, desagerketa “ETAren arazoa” zela esan zuen Rubalcabak.
Ekainean desagerketari buruzko ikerketa abiatzeko eskatu zuen Anne Kayanakis Baionako fiskalak. Anzaren etxea miatu zuten Ahetzen. Anza bilatzeko lanean hasi ziren boluntarioak taldeka, herritarrei galdetuz eta preso ohiaren argazkiak kaleetan itsatsiz. Talde bat Tolosako ospitalera ere joan zen galdezka. Ia hamar hilabete geroago, han agertu zen hilotza.
2009ko maiatzean bahiketaren hipotesia nagusitzearekin batera hasi ziren protestak. Eta ehunka mobilizazio egin ziren, Non da Jon? lelopean. Ekainean milaka lagunek salatu zuten Donostian Anza “gerra zikinaren biktima” zela, eta irailean bi mila lagunek egin zuten martxa Donibane Lohizunen.
Hedabideak poliziei begira
2010ean Gara egunkariak iturri sinesgarriak aipatuta argitaratu zuen Espainiako Poliziak Anza trenean harrapatu, legez kanpo galdekatu, hil eta lurperatu zuela. Le Monde egunkariak ere sinesgarritasuna eman zion Espainiako Poliziak bahitu izanaren hipotesiari. Martxoan “bahiketaren eta Espainiako Poliziaren hutsegitearen hipotesiari” indar eman zion Liberation kazetak. Jacques Massey kazetariak ETAri buruz kaleratutako liburuan, Espainiako Poliziaren zerbitzu sekretuei egotzi zien “bahiketa”.
Otsailean Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ikerketarako diligentziak hasi zituen, Baionako fiskalak eskatuta. Martxoaren 11n jakin zen -ofizialki- Jon Anza hilda zegoela, eta gorpua Tolosako Purpan erietxean dagoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean. Hiriko erietxe horretara eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian egon zen.
Jon Anza zenaren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek martxoaren 13an zioten heriotza “gerra zikinaren ekintza” izan dela, eta Espainiako polizia indarrak direla hilketa eragin dutenak. “Jon bahitu, torturatu eta hil egin zuten”.
Martxoaren 15ean egin zioten Anzari lehen autopsia, Tolosan, senideen konfiantzako medikurik gabe. Frantziako Polizia Euskal Herritik joandako jendeari oldartu egin zitzaion. Baionako fiskalak esan zuenez, gorpuak ez zuen kolperik, ezta bala zauririk ere.
Tolosara heldu zen
Baionako fiskalak ziurtatu zuen Anza iritsi zela Tolosara apirilaren 18an, preso ohiak aurreikusia zuen bezala. Kayanakisek emandako beste datu baten arabera, euskal militantea Baionako tren geltokitik arropa batzuekin atera zen eta apirilaren 29an aurkitu zutenean beste batzuekin zegoen.
Apirilaren 21ean froga berriak egin zizkioten Jon Anzaren gorpuari, sendiak eskatu ostean. Tolosan egin zituzten analisiak, Rangueil ospitalean, Frantziako Justiziak aginduta. Senideek eta hurbilekoek 2010eko uztailaren 26an lurperatu zuten Jon Anza, Lapurdin.