Loiolako kultur etxeak 25 urte bete ditu
Hogeita bost urte bete ditu Loiolako kultur etxeak eta hainbat ekimen prestatu dituzte urtemuga ospatzeko.
Loiolako kultur etxeak hogeita bost urte bete ditu, baina pixka bat atzerago begiratu behar da eraikinaren jatorria ezagutzeko; 1923ra hain zuzen ere. Izan ere, orain kultur etxea dena auzoko garbitegia zen lehen. Hantxe biltzen ziren Loiolako emakumeak hitz eta pitz arropak garbitzera. Baina 1987. urtean garbitegi zaharra kultur etxe bilakatu zen.
Oso denbora tarte txikian Donostiako lehen lau kultur etxeak sortu ziren. Altzako Casares Kultur Etxea izan zen lehenena, eta handik urte betera, Okendo Kultur Etxea Grosen, Larrotxene Intxaurrondon eta Loiolako kultur etxea. Dudarik gabe, kultur etxeen sareak bultzada indartsua eman zizkion hiriko aisialdi eta kultur zerbitzuei. Jon Urbieta, Loiola Kultur Etxeko zuzendariaren esanetan, «gune bateratu baten beharra nabaria zen gizartean, auzo elkarteek indar handia zuten, lan asko egiten zuten, baina elkarte bakoitza bere kasa aritzen zen. Kultur etxea, guztientzako euskarri bihurtu zen. Eta gaur egun ere kultur etxea da Loiolako hauspoa. Dena den, ez genuke 25. urteurrena ospatuko bizilagunen babesa, laguntza eta lanik gabe».
Urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte: abesbatzen kontzertua, antzerkia, Gipuzkoako hainbat talderen kontzertuak…Ostiralean izango da ospakizun eguna. Auzoko elkarteei, bizilagunei eta kultur etxeko gainerako laguntzaileei eskerrak eman eta etorkizunaren alde egingo dute topa guztiek batera. Gainera 25 urtetako lana islatzen duten hainbat argazki, kartel eta eskulibururekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai kultur etxean urriaren 31a arte.