Miguel Gallastegi, bizitzari begira
Ia egunero igotzen da Miguel Gallastegi pilotari ohia Erdialdetik Aieteko Pakea Plazara, lasai lasai egotera.
Egunero bezala, Miramongo Pakea plazan topatu dugu Miguel Gallastegi (Eibar, 1918). Laurogeita hamalau urte baditu soinean, baina burua argi. Mila istorio, mila bizipen eta mila pasadizo ditu kontatzeko, baina pilotaz aritzeak alaitzen dio aurpegia Miguel Gallastegiri. Izan ere, goi mailako pilotaria izandakoa da bera, eta oso oroitzapen onak datozkio gogora. Trafikoa, presak eta kaleetako zarata alde batera uzten saiatzen da Miguel Gallastegi. Egunero, osasunak uzten badio behintzat, igotzen da Aieteko txoko berera. Autotik aulki bat atera, eta hantxe pasatzen du goiza lasai-lasai. Miguel Gallastegiren esanetan, «bost bat urte badira hona etortzen naizela. Egunkaria irakurtzen dut, paseotxo bat eman, edo lasai lasai egoten naiz inguru zoragarri honi begira. Bertako bizilagunek ere ezagutzen naute jada, eta gustora egoten naiz topatzen dudanarekin hizketan».
Pilotari zenekoak
Eibarko baserri batean jaiotakoa da Miguel Gallastegi, eta txikitan hiru lanbide zituela onartu du; «hamar urterekin hiru zeregin nituen. Lehenengoa gurasoei baserrian laguntzea zen. Lau behi eta bi idi genituen etxean eta hango lanak egin beharra izaten genituen. Bigarrena pilota izaten zen. Ahal nuen guztietan aritzen nintze pilotari eman eta eman. Eta hirugarren lana iluntzeko zazpietan eskolara joatea izaten zen». Miguel Gallastegik bigarren lana, pilotan izerdia botatzea zuela gogokoena aitortu du; «ingenieri batek baino gehiago irabazten zuela pilotari batek esaten zen garai hartan, eta guk hori entzun nahi, noski, eskolara ez joateko», adierazi du Miguel Gallastegik barrezka.
Hamalau urterekin hasi zen bateko eta besteko herrietako festetan partiduak jokatzen, baina Enrike Bidartek eman zion ospe piska bat hartzeko aukera. «Amak barazkiak saltzen zizkion Bidarteri, eta nire estiloa gustatzen bazitzaion ere, horrek lagundu zuela uste dut erabakian», onartu du Miguel Gallastegik erdi txantxetan.
Estreineko partida jokatu eta hilabete eta erdira hasi zen gerra. Miguel Gallastegiren esanetan, «bizimodu guztia hankaz gora jarri zuen gerrak. Eibarko pilotalekua sukalde bilakatu zuten, baina ez genion pilotan jokatzeari utzi. Hori bai, bostgarren koadrotik atzera aritu behar izaten genuen».
Teruelen soldadu zegoela, elgorria harrapatu zuen eta oso gaixo egon zen. Han topatu zuen moja euskaldun baten bidez, Gasteizko ospitale militarrera etortzea lortu zuen, eta handik frontoietara. Miguel Gallastegiren esanetan, «pixka bat indartu nintzenean pilotan jokatzen hasi nintzen eta medikuak ere etortzen ziren ni jokatzen ikustera».
Oraindik kuartelean zegoela jokatu zuen Atano III.aren aurka buruz-buru. «Frontoietan sumatzen zen politika giroa. Atano III karlista zen eta nire familia nazionalista. Gainera, beti nik irabazten nion eta zaleak haserretu egiten ziren. Gogoan dut, Tolosan jokatu genuen partida batean hari bakarrik egiten zien txalo nik irabazita ere, baina frontoietatik kanpo oso lagun onak ginen biok», dio Miguel Gallastegik.
Eibartik Donostiara
Donostiako neska batekin ezkondu zen, eta, hasieran Eibarren bizi izan baziren ere, hiriburura etorri ziren duela berrogeita bost bat urte. Bertan hazi du Miguel Gallastegik familia. Hiru seme-alaba eta zazpi iloba ditu (Kristina denetan maiteena). Lan asko egindakoa da Miguel Gallastegi. Zailtasun asko pasa eta izerdi ugari bota du pilotan arituz bizi ahal izateko, eta orain frontoi bati begira jarri du berriro patuak. Pakea plazan bilatzen du, egunero bakea. Hango frontoiari begira, bere bizitzari begira.