Kutxabankek atzera bota du Babes Ofizialeko Etxeen finantzaketa
Berion egin behar zituen 48 alokairuzko etxe bertan behera utzi dituela salatu du udal gobernuak
Alokairuzko babes ofizialelo 48 etxebizitza eraikitzeko konpromezua hautsi du Kutxabankek, Juan Karlos Izagirrek Donostiako alkateak atzo salatu zuenez.
Kutxak 2006 urtean hitzarmena sinatu zuen Donostiako Udalarekin, Etxegi XXI programa barruan, Berion, 96 alokairuzko etxe egiteko. Horietatik alokairuzko 48 etxebizitza tasatuak izatea adostu zuten, hau da, Kutxaren jabetzan egongo zirenak, eta beste 48ak babes ofizialekoak.
Juan Karlos alkateak eta Etxebizitzako eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek emandako prentsaurrekoan, azken asteetan izandako gorabeherak azaldu eta salatu zituzten. Eta hala nola, Kutxabankek atzera bota duela egitasmoa eta hartutako konpromezua. Gainera, Izagirreren hitzetan, 48 etxebizitza hauez gain, Kutxabankek Donostian etxebizitzak finantzatzeko inongo asmorik ez duela esan zuen.Hala ere, argi utzi zuten udal gobernuak babes ofizialeko etxeekin duen konpromezua eta, etxebizitzak eraikitzeko modua topatuko dutela.
Elkarrizketa luzea
Izagirrek azaldu zuenez, Kutxabankek bilera deitu zuen Udalarekin, duela bi aste. Bertan, babes ofizialekoak izango ziren 48 etxebizitza horiek tasatu eta jabetzan jartzeko eskatu zuen, horrela 96 etxebizitzak alokairuan bai, baina Kutxabanken jabegoan, eta haren alokairu sozialaren baitan izango liratekelarik. Argumentu gisa, higiezinen enpresa batekin egindako akordioa azaldu zutela adierazi zuen alkateak.
Udalak hiru erantzun eman zizkiola adierazi zuten. Batetik, babes ofizialeko etxebizitzekin hartutako konpromezua gogorarazi ziotela esan zuten; bestetik, ez dutela finantza edo higiezin enpresen presioaren aurrean erantzungo, eta azkenik, espero zutela Kutxabankek hiriarekiko zuen konpromezua ez aldatzea.
Honen aurrean, Kutxabankek kontra-eskaintza egin zietela azaldu zuten, zehazki, ea udal gobernua prest zegoen 48 etxebizitza horiek eraikitzeko. Udalaren erantzuna baiezkoa izan zela azaldu zuen Izagirrek, baina baldintza bat ezarri zutela; finantzazioa Kutxabanken esku geratzea, ohiko mailegu formula erabilita.
Honela, egun Kutxabankena den lurzoruaren gainean egindako 96 etxebizitzetatik 48 udalaren jabegoan geratuko ziren. Honekin babes ofizialean 300 euroko alokairua eta 50 urteko konpromezua izango lituzkete.
6,5 milioi euro
Hasiera batean, finatzaketa 6,5 milioikoa bazen ere, udal teknikariak lanean jarri eta beste diru laguntzak lortu ostean, 4,2 milioitan kalkulatu zuten mailegua.
Alkateak adierazi duenez, hori eta gero Kutxabanken azken erantzuna ezezkoa izan zen; eta gaineratu omen zuen, «Kutxabankek hiri honetan ez duela inongo asmorik etxebizitza finantzatzeko», esan zuen Izagirrek.
Azkenik salatu nahi izan zuten, Kutxabankek Bildu baztertzen duela. Ez duela kontutan hartzen Gipuzkoan ordezkaritza gehiena duela eta Kutxabanken administrazio kontseilutik at utzi dutela. Bestalde, gehitu zuten Kutxabanken sorrerari babesa eman bazion Bilduk, Gizarte Ekintza hobetuko zuela esan zuelako izan zela.
Gauzak honela, alkateak Kutxabankek ez duela bere hitza bete esan zuen eta Donostiari kale egin diola. Azkenik, «politika egiterako orduan, finantza prezioek ez zutela Bildu baldintzatuko esan genuen», adierazi zuen Izagirrek.


