Realaren egoera ekonomikoa "egonkorra" dela dio Aperribayk
Jokin Aperribay Realeko presidenteak, Anoetako prentsa aretoan hitz egin du; hurrengo azaroaren 14ko Akziodunen Batzar Orokorrari buruzko azalpenak eman ditu. Agintari txuri-urdinak adierazi du klubak bere betebeharrei aurre egiteko arazorik ez duela. Klubaren diru zenbakiak txukun idatzita daude eta egoera ekonomikoa egonkorra dela azaldu du. Halere, zuhurtziaren bidetik aldentzea huts handia izango litzatekeela nabarmendu du.
Belodromoan egingo dute batzarra. Ia 44 milioi euroko aurrekontua aurkeztuko die klubak akziodunei. Iazkoa baino lau milioi potoloagoa. Joan den denboraldiko kontuak ere jarriko dituzte mahai gainean. Milioi erdi bateko irabaziak izan ditu klubak.
Anoetako birmoldaketari buruz ere hitz egin du Presidenteak. Sutsuki defendatu du atletismo pista kentzea, eta edukiera handitu ahal izatea. Realak hori egin ezean ez du hazteko aukerarik izango, Aperribayren ustez: “Orain ez dugu hazteko aukerarik Anoetan. Ez dago lekurik jende gazteak eserleku merkeak erosteko. Anoeta, ekonomikoki, oso zurruna da Realarentzat. Estadioaren birmoldaketa fitxajerik onena izango zela diogunean, analisiaren ostean diogu. Erabaki estrategiko garrantzitsuena da”.