San Telmo Museoak eta Koldo Mitxelenak Galeusca topaketak hartuko dituzte
Galeusca Topaketak Donostian izango dira aurten, urriaren 26, 27 eta 28an. Arantzazun, Gernikan eta Iruñean bildu izan dira, eta hau da Donostian elkartuko diren bigarren aldia. San Telmo Museoa eta Koldo Mitxelena izango dira topaketa hauen egoitzak. Bertan izango dira Euskal Editoreen Elkartea, Kataluniakoa eta Galiziakoa. Esateko idazten dena lelopean egingo dute aurtengo topaketa.
Bilera teorikoak ez ezik, jendearentzako irekiak diren ekitaldiak ere egingo dituzte. Poesia eta musika emanaldi batekin hasiko dira hurrengo ostiralean, 19:30ean, Zazpi poeta alén da fronteira emanaldi bereziarekin. Xose Estevezek, Jose Angel Irigarayk eta Luis Reik irakurriko dituzte poemak, Ruper Ordorika eta Harkaitz Minerren musikak lagunduta.
Urriak 27 izango da egunik potoloena. Diziplina ezberdineko hitzaldi asko entzuteko parada egongo da. Hala, ahozkotasunaz Juan Kruz Igerabide (EIE), Laia Martinez Lopez (AELC) eta Antonio Reigosa (AELG) mintzatuko dira; Hedabideez Rafa Xambo i Olmos (AELC), Xurxo Manuel Souto Eiroa (AELG) eta Arantxa Iturbe (EIE). Eta azkenik arte eszenikoez Vanesa Sotelo (AELG), Aizpea Goenaga (EIE-Etxepare Institutua) eta Lluis Arcarazo Martinez (AELC).
Larunbatean, Hirutan ipuinak iruten izeneko ekitaldian Joxemari Carrere (euskaraz), Cristina Mirinda (galegoz) eta Carles Garcia Domingo (katalanez) idazleek ipuinak kontatuko dituzte San Telmo Museoan, 18:30etik 20:00etara.