Hautesleku bateko boto txartelak (Argazkia: Estitxu Zabala).
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek eta udal hauteskundeek ez dute inoiz zerikusirik izan Donostian. Odon Elorza agintean egon zen hogei urteetan, esaterako, PSE-EE behin bakarrik izan zen alderdi bozkatuena Gasteizko Legebiltzarrerako lehian, beti ere hiriari dagokionean; 2009an, hain justu. Bi hauteskunde horien arteko desberdintasunaren adibidea da datu hori.
Horrenbestez, alde hori kontutan hartuta egin behar da hauteskunde gaueko emaitzen irakurketa. Izan ere, duela urte eta erdi izandako udal hauteskundeekin alderaketa eginez gero, EAJren igoera ikaragarriarekin topatzen gara; Eneko Goia alkategaiak 15.581 boto lortu zituen 2011ko maiatzaren 22an, eta EAJk igande honetan 28.148 boto eskuratu ditu Donostian. Beraz, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara jo beharko genuke alderaketa zintzoagoa egiteko; EAJk 24.167 boto lortu zituen orduan, eta igande honetan lau mila boto gehiago eskuratu ditu. Emaitza bikaina ere, zalantzarik gabe. EAJ indartu egin da Donostian, babesa berreskuratu duelako. Eta berreskuratu duela diot, 2005eko zenbakietara bueltatu delako; 32.753 boto eskuratu zituen orduko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Eusko Alkartasunarekin koalizioa eginda.
PSE-EEk beherakada handia izan du duela hiru urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin alderatuz gero; 28.569 boto lortu zituen 2009an, eta igande honetan 21.606. Bistan da jaitsiera handia dela; baina, lehen aipatu bezala, hauteskunde horiek salbuespena izan ziren PSE-EEren ibilbidean, Eusko Legebiltzarrerako lehian ez baitzen inoiz garaile irten, beti ere EAJren mesederako. 23.805 botoen bueltan ibili zen, esaterako, 2005ean. Kasu honetan, 2011ko udal hauteskundeekin alderaketa egiteko tentazioa izanez gero, ikusten da PSE-EEk ia bi mila boto gehiago lortu dituela. Hemen, baina, parte hartzea kontutan hartu behar da; %59,6koa izan zen udal hauteskundeetan eta 66%koa igande honetan. Odon Elorza efektua gabe, hau izan daiteke PSE-EEren oinarria Donostian.
EH Bilduk, berriz, 21.193 boto lortu ditu. Kasu honetan, 2009ko hauteskundeekin alderaketa egitea ez litzateke guztiz zuzena izango; duela hiru urte ezker abertzalearen hautagaitza baliogabetu zutelako eta Alternatiba oraindik ez zelako Ezker Batua alderditik kanpoko errealitate bat. Gainera, Eusko Alkartasunaren barruko haustura geroago etorriko zen, Hamaika Baten agerpenarekin. Bide zuzenena hartzea besterik ez da gelditzen; 2011 udal hauteskundeekin alderaketa egitea, kasu honetan. Lehen begirada batean, zenbakiak berak familiartasun kutsua du; EH Bilduk 21.193 boto lortu ditu igande honetan, eta Bilduk 21.376 boto eskuratu zituen duela urte eta erdi. Antzeko kopurua dirudi, baina ez da horrela. Aralarren babesa gehitu beharko litzateke oraingoan, eta parte hartzea sei puntu eta erdi altuagoa izan da gainera. Bistan da, beraz, Bilduk babesa galdu duela hilabete gutxian. Gobernatzeak dakarren urradurarengatik izan daiteke, Gipuzkoan gertatutakoaren antzera, oposizioaren eta zenbait komunikabideen presioak lagunduta.
Bestalde, udalean ordezkaritza duten alderdiekin bukatzeko, PP aipatu beharra dago. Udalean Ramon Gomez buru duen taldea ez da pozik egon behar emaitzekin, oso urruti geratu baita gainontzeko alderdiengandik. 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 13.757 boto lortu zituen; oraingo honetan, 14.725. Duela urte eta erdi, ordea, 16.436 boto lortu zituen udal hauteskundeetan. Garai oparoak pasa dira PPrentzat, 2005. urtea bezalakoak (22.156 boto lortu zituen orduan). PSE-EEren kasuan bezala, igande honetakoa izan daiteke bere oinarria.
Emaitzak emaitza, datozen udal hauteskundeak urrutiegi dauden arren, alderdi bozkatuena izateko bidean, PSE-EEk eta Bilduk lehiakide gogorra izango dute: indartuta atera den EAJ.