Argazkilaritza maite dutenentzako bilgunea Egian
Buru-belarri dabil Jose C. Urrutia (Madril, 1961), Egian duen laborategiko argazki eta paper artean
Oso gazte zelarik ezagutu zuen argazkilaritzaren mundua. «Garai hartan ez zegoen argazkilaritza ikasketa ofizialik, eta auto tailerretan eta beste hainbat lanbidetan egiten zen bezalaxe, arituz ikasten zen lanbidea. Nik zorte handia izan dut. Madrilgo laborategi batean hasi nintzen laguntzaile moduan eta asko ikasi dut argazkilaritzaren inguruan», dio Jose C. Urrutiak.
Urte askotako esperientzia du baina ez du argazkilari gisa definitzen bere burua Jose C. Urrutiak, laborategiko teknikari moduan baizik. Adituek tiratzaile esango lioteke, argazkiak material desberdinetan errebelatu, negatiboak berreskuratu edo aintzinako dokumentuen kopiak egiten dituena besteak beste.
Photogunek argazkilaritza maite duen edonori leku bat eskaintzea du helburu. Horregatik, oso zabala da Photogunek eskaintzen duen aukera. Jose C. Urrutiaren arabera, «hemen ez dago horrelako goi-mailako laborategirik. Hala ere, edonork jo dezake gugana, izan profesionala edo ez. Guk beti eskainiko dugu gauza bera, kalitatea. Argazkilaria bera da bere lanaren jabe. Nik aholkuak eman ditzaket, baina beti argazkilariak lortu nahi duena errespetatuz. Gure lana ez da ikusten baina azken emaitzan soma daiteke».