Boto txartelak, Egiako Aitor Ikastolako hauteslekuan (Argazkia: Kattalin Miner).
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla eta, hauteslekuetan ez ezik, posta bidez ere eman du botoa jendeak. Boza hauek Gipuzkoako alderdi bozkatuena zein den erabakiko dute.
Aurtengo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak oraindik ez dira amaitu, hauteskunde gauean eta biharamunean dena esanda eta aztertuta zegoela zirudien arren. Hain zuzen ere, Estatuko mugetatik kanpo postaz bidalitako botoak falta dira zenbatzeko.
Horrek ez du Donostian aldaketarik eragingo, gauzak oso garbi geratu baitziren hirian; EAJk sei mila boto baino gehiagoren aldea atera zien PSE-EE eta Euskal Herria Bilduri. Gipuzkoan, ordea, erabakigarria baino, aldaketa sinbolikoa eragin dezake; hots, legebiltzarkide kopuruak berdin jarraituko du, baina alderdi bozkatuena beste bat izan daiteke.
Euskal Herria Bilduk EAJ baino 482 boto gehiago jaso zituen igandean Gipuzkoan. Koalizioa zerrenda bozkatuena izan zen herrialdean, 114.460 botorekin; jeltzaleak bigarren indarra izan ziren, 113.978 botorekin. Lehia oso estua izan zen eta azken minutura arte ez zen jakin nor irtengo zen garaile. Baina, futbol partidek luzapena duten moduan, hauteskundeek ere halako zer edo zer badute; posta bidezko botoak.
Hain justu, Estatuko mugetatik kanpo bizi diren herritarren 2.960 boto daude zenbatzeko Gipuzkoan.
2009an, EAJ bozkatuena
Ostiralean amaituko dute zenbaketa; horrenbestez, ostirala arte ez dute jakinaraziko Euskal Herria Bildu edo EAJ den alderdi bozkatuena herrialdean. Suspensea, beraz, azken unera arte mantenduko dute.
Denboran atzera eginez gero, zaila da iragarpen bat egitea. 2009ko bozetan EAJk eskuratu zituen boto gehien Estatutik kanpoko herritarren aldetik: 1.135. Kontua da duela hiru urte ezker abertzalearen zerrenda baliogabetu egin zutela eta, hori dela eta, alderaketa egitea ez litzatekeela zuzena izango. Aralarrek eta EAk, biak Euskal Herria Bildun, 189 eta 133 boto lortu zituzten.