Irudietan somatzen da ezkutuko lana
Photogune, argazki estudio bat baino askoz gehiago da; argazkilaritzak dituen esparru desberdin guztiak biltzea du helburu.
Buru-belarri dabil Jose C. Urrutia (Madril, 1961), Egian duen laborategiko argazki eta paper artean. Aurpegia argitzen zaio argazkilaritzaz hitz egiten duenean, lan bat baino gehiago baita beretzat; bere bizia da.
Oso gazte zela hasi zen argazkiekin lanean, eta goxotasunez oroitzen ditu urte haiek. «Garai hartan ez zegoen argazkilaritza ikasketa ofizialik, eta auto tailerretan eta beste hainbat lanbidetan egiten zen bezalaxe, arituz ikasten zen lanbidea. Nik zorte handia izan dut. Madrilgo laborategi batean hasi nintzen laguntzaile moduan eta asko ikasi dut argazkilaritzaren inguruan», dio Jose C. Urrutiak.
Urte askotako esperientzia du baina ez du argazkilari gisa definitzen bere burua Jose C. Urrutiak, laborategiko teknikari moduan baizik. Adituek tiratzaile esango lioteke, argazkiak material desberdinetan errebelatu, negatiboak berreskuratu edo aintzinako dokumentuen kopiak egiten dituena, besteak beste.
Analogikoa eta digitala
Argazkilaritzak aldaketa izugarriak jasan ditu urte gutxian. Jose C. Urrutia heziketa analogikoa jasotakoa da, eta begirune berezia dio teknika zaharrari. «Merkatuak analogikoa eta digitalaren arteko borroka piztu du. Badirudi ez dagoela elkarbizitzarako lekurik, baina hori ez da horrela. Argazkiak lantzeko bi teknika dira. Nik ez dut esango bat bestea baina hobea denik, ezberdinak dira, eta emaitzak ere ezberdinak izaten dira. Egia da argazkilaritza digitalak aukera izugarriak eskaintzen dituela, baina analogikoak ematen dituen zehaztasun batzuk ez ditu digitalak. Guk bi teknikak erabiltzen ditugu Photogunen».
Argazkietan ikusten ez dena
Punta puntako argazkilarientzat eta publizitate agentzia handientzat aritzen zen lanean Jose C. Urrutia Madrilen. Kalitatea eskaintzea zen beraien apusturik sendoena. Beraz, bezero dirudunak izaten zituzten.
Ezkondu eta Donostiara etorri zenean, ordea, bestelako egoera aurkitu zuen. Argi zuen argazkilaritzaren inguruan jarraitu nahi zuela lanean, eta gizartean bertan aurkitu zuen argi izpia. Jose C. Urrutiaren esanetan, «Madrilen somatu ez nuen mugimendu bat ezagutu nuen Euskal Herrian. Jende ugarik lantzen zuen argazkilaritza, eta horietako askok maila altuarekin gainera. Inertzia horri jarraituz sortu nuen Photogune. Argazkilaritza maite duen edonori leku bat eskaintzea da gure helburua».
Oso zabala da Photogunek eskaintzen duen aukera. Jose C. Urrutiaren arabera, «hemen ez dago horrelako goi-mailako laborategirik. Hala ere, edonork jo dezake gugana, izan profesionala edo ez. Guk beti eskainiko dugu gauza bera, kalitatea. Argazkilaria bera da bere lanaren jabe. Nik aholkuak eman ditzaket, baina beti argazkilariak lortu nahi duena errespetatuz. Gure lana ez da ikusten, baina azken emaitzan soma daiteke». Emaitza on hori lortzeko ezinbestekoa omen da materiala ezagutzea, ikutzea, argazki bera ez baita berdin ikusten paper mota batean edo bestean.
Puntako profesionalek emandako tailer eta ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Baina batez ere, aldizkako erakusketak antolatuz, argazkilari berriei beren lanak erakusten laguntzeko leihoa izan nahi du Photogunek.



