"Egun hau ez zaio jendeari axola"
Euskadi Eguna izena jarri zioten orain hiru urte, urriak 25eko jai egunari. Egun, batzuek jai egun hori arrotz moduan bizi dute, eta Donostian bertan turisten mugimendurik ez da nabari.
Hirugarren urtez urriaren 25a jai egun ofiziala da Euskal Autonomi Erkidegoan. Irutxuloko Hitzak Donostian Euskadi Eguna deituriko hau nola bizi duten ikusi nahi izan du; besteak beste, hirian mugimendu gehiago dagoen edo ez, jendeak hiria bisitatzen duen edo ez, nola bizi duten donostiarrek egun hau…
Jai egun ofizial hau, ordea, batzuek beste jai egun batzuekin gertatzen den bezala, «arrotz» sentitzen dutelako ez dute ospatzen. Horren kasua da, esaterako, Donostiako udal gobernuak lana egiteko hartutako erabakia. Juan Karlos Izagirrek langileek lanera joateko askatasuna izango zutela aurreratu zuen, baita egutegi propioa izateko eskubidea aldarrikatu ere. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lan egun moduan ulertu du egun hau.
Baina, aurten jai eguna hartu duena eguraldi ona izan da, eta euriak ez du lagundu jendea kalera gehiago ateratzeko. Horrela, oso mugimendu gutxirekin eta erdi hutsik ikus ahal izan dira kaleak eta esaterako, Turismo Bulegoa. Jendeak, bestalde, paseatzera atera diren horiek, igandeetako gauzak egiteko, edo etxeko kontuak egiteko erabiliko duela eguna dio. Umeek kaleak errazago hartu dituzte, eta nabari da eskolak itxita daudela.
Tabernak, betiko moduan
Tabernek izaten dute jende mugimenduaren berri eta, Txondorra Erretegiko Daniele Peroniri galdetuta, egun hau ez dela ezertan nabaritzen iritzi du; «hurrengo asteko zubia bai, hori jendeak gehiago sentitzen du jai egun bezala, baina gaur ez da ezer nabaritzen», dio. Gaineratu du, turismoan eragina izango badu, jendea kanpora joango litzatekeela; «agian Errioxa edo Castro egongo dira beteta, baina hau ez», esan du.
Iritzi berekoa da Kota.31 tabernako langile Marcelo Azocar. «Gaur ez dabil inor», dio argi eta garbi. Hainbeste zubiaz hitz egin, hainbeste esan eta ez duela ezertarako balio izan iritzi du; «gainera hurrengo astean benetako zubi bat dago, egun hau ez zaio jendeari axola», esan du.
Lanera printzipioengatik
Komertzio asko itxita badaude ere, batzuek dendak ireki dituzte. Arrazoiak desberdinak izan daitezke, baina DAM arropa dendako Izaskun Iartzari galdetuta, berak ez duela jende gehiago ibili zitekeelako ireki esan du, baizik eta «printzipio kontua» dela. «Urriaren 12an irekitzen dugun bezala, ba Euskadiko Eguna deitu dioten honetan ere bai, printzipio kontua da», dio. Hala ere, uste du egun honetan ez dela jende gehiago mugitzen. Iazko eguna gogoratzen jarrita antzeko oroitzapena duela dio, beste edozein egun bezalakoa.
Azkenik, hainbat ostatutara inguratuta egoera antzekoa adierazi dute arduradunek. Esaterako, La Marinera pentsioko Romo Agotek gela hutsak erakusten ditu hatzaz; «jendeak ez du jai egun hau zubi modura edo mugitzeko egun modura ulertzen, jendeak ez du jai egun honekin gehiegi sinesten», esan du. Hurrengo asteko zubirako, ordea, baditu erreserba batzuk.
Azken batean, hiriak eta hiritarrek jai egin badute ere, badirudi oraindik ez duela inguruko jendea edo turistarik hirira erakarri edo jendea planak egitera animatzen. Ikusi beharko da gobernu berriak jai egun honekin zer egingo duen.