Josemi Beltran: "Nahiz eta egoera larria izan, jaialdia ospatu egin behar dugu"
Josemi Beltran, Beldurrezko Asteko zuzendaria
Badator Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. Zonbiak, banpiroak, sushi hilgarriak, istorio ilunak, Sonia Monroy, izaki misteriotsuak, Mario Vaquerizo Drakulaz mozorrotuta… Ezer ez da falta jaialdiaren 23. ekitaldian. Urtebete jaialdia hasteko zain egon diren jarraitzaileek Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia hartuko dituzte larunbatetik aurrera. Irutxuloko Hitzak Josemi Beltran (Zarautz, 1972) zuzendaria elkarrizketatu du autengo programa xehetzeko. Drakularen itzala luzea da ekitaldi honetan. Kasualitatea izan da. Banpiroak modu naturalean agertu dira. Iaz gurekin izan zen Mario Vaquerizo, eta bere burua eskaini zuen jaialdiko irudia izateko. Banpiro zaleak pozik daude. Jaialdiko kartelean lehen aldiz agertu delako banpiro bat. Bere garaian Elsa Pataky agertu zen hortz luzeekin… Vaquerizo joko asko ematen duen pertsonaia da. Gary Oldmanek interpretatutako Drakula, Interview With a Vampire filma eta Vaquerizoren pertsonaia beraren arteko nahasketa bat da. Kartelean ez ezik, Drakula egitarauko filmeetan eta erakusketa batean ere izango da. Izan ere, Bram Stoker idazlearen heriotzaren mendeurrena da aurten. Banpiroez gain, zein beste izaki izango dira jaialdian? Zonbiak dudarik gabe dira jaun eta jabe. Zonbiak, gainera, egun bizi dugun egoeraren parabola bat dira nolabait; zonbi moduan gabiltzala edo. Zineman ez ezik, literaturan eta telebistan ere modan dauden pertsonaiak dira. Film labur asko izango dira gai honen inguruan. Baita film luzeak ere. Cockneys Vs. Zombies, esaterako. Langabetu batzuk izango dira zonbiekin borrokatuko direnak. Komedia eta zonbiak bikain nahastu dituzte film ingeles honetan. Beti saiatzen gara umore ona duten lanak programatzen. Aurten, Antzoki Zaharrean festa lehertzeko filma zein da zure ustez? Noboru Iguchiren azken lana: Dead Sushi (Sushi hilgarria). Gure Culinary Zinema dela esatea gustatzen zait [barrez]. Iguchiren beste erokeria handi bat da. Hiltzaileak eta munstroak sushi zati txikiak izango dira. Parrandarako aitzakia polit bat izan daiteke! Eta film beldurgarriena? Jaialdiaren bukaerako filma dela esango nuke: Pascal Laugier-en The Tall Man. Jessica Biel aktore ezaguna da protagonista nagusia. Agian batzuk komertziala dela esango dute. Lauguier-en beste filmeak ikusita (Martyrs, 2008) beste zerbait ikustea espero dutelako. Film oso interesgarria da, misteriotsua. Beste film bat: The Seasoning House. Serbian girotutako lan iluna da. Sexu esplotazioaren ingurukoa. Indarkeria eta gerraren itzala handia da filmean. David Cronenbergen semearen opera prima ere izugarria da: Antiviral. Etorkizunari buruzko parabola bat da. Ospetsuen munduarekin lotuta dago. Hotza da; gogoeta eragiten duen horietakoa. Zinemaren ikuspuntutik oso interesgarria da.
Luiso Berdejo donostiarraren gidoi batzuk badira programan.
Gidoilari moduan Voice over film laburrarekin izango dugu. Kimuak katalogoan dago lan hori. Juan Carlos Medinaren Insensibles filmarekin ere bai. 1936ko gerra, gerraostea, poesia eta fantasiaren arteko nahasketa polita da. Batzuek El laberinto del Faunorekin konparatu dute. Beste donostiar batzuk ere aipatu beharrekoak dira… Axel eta Ronquete komikigile eta zergatik ez, zinemagileen lana. Donoscreep Show estreinatuko dute Antzoki Zaharrean. Fantasiazko zenbait filmen parodia egingo dute. Bereziki hemengo filmena.
Okendon Luis Gascak Drakularen inguruan duen artxiboa erakutsiko duzue.
Banpiroen errege erakusketa Luis Gascari egin diogun omenaldia da. Bere artxiboak izugarrizko balioa duelako. Argazki, liburu eta kartel bilduma ikaragarria du. Donostiako Zinemaldiko zuzendaria izan zen, zenbait liburu idatzi ditu zinema eta komikigintzari buruz. Principen, berriz, Santiago Valenzuela komikigile donostiarraren lanak izango dira ikusgai. Espainiako Komiki Saria lortu zuen. Antologia moduko bat egin dugu.
‘ET’, ‘Marrazoa’, ‘Etorkizunera itzultzea’… Haurtzaroko ‘kultuzko’ film batzuk ere proiektatuko dituzue.
Aurten aitzaki ona izan dugu Universalen eta Viktoria Eugeniaren mendeurrena batzeko. Horregatik antolatu dugu ziklo txiki hau. Batez ere jende gazteak, edo ez hain gazteak, film horiek ikusteko gogoa izango du. Nostalgia hori bizitzeko joera modan dago. Donostiako Zinemaldian bertan Spielbergek aurkeztu zuen Marrazoa (Jaws). Viktoria Eugenian proiektatu zuten. Berriz ere bertsio berri eta digitalean ikusteko aukera izango dute ikusleek. Gainera E.T.-ren benetako bertsioa emango dugu. Poliziek pistolak eramango dituzte, eta ez walkie talkieak [barrez]. Aukera polita eta hunkigarria izango da jende skorentzat. Ni Marrazoa eta E.T. ikusten saiatuko naiz…
Bigarren urtea duzu zuzendari gisa. Zer moduz moldatzen zara?
Eroso nago. Urduri egongo naiz aurten ere, baina hori nere barrurako gordeko dut. Batez ere, sufritzen ari garen krisiak kezkatzen nau. Saiatu gara murrizketak egitarauan gehiegi ez nabaritzea, baina BEZaren igoerarekin sarreren prezioa ere igo egin da, bertan behera utzi behar izan dugu liburuaren argitalpena… Jendea ilusioz beteta dago, eta guk maila bera mantendu nahi dugu. Onena da gure publikoak oso ondo ulertzen duela zein den egoera, eta uste dut elkarrekin saiatuko garela jaialdia aurrera ateratzen. Askotariko proposamenak jaso ditugu. Elkartasuna handia izan da, eta asko poztu gara.
Jarraitzaile fidelekin krisiari aurre egitea errazagoa izango da, jakina.
Nahiz eta egoera larria izan, jaialdia ospatu egin behar dugu. Sarrerak oso ondo saldu dira, eta horrek esan nahi du jendeak jaialdia bizitzeko gogoa duela. Ondo pasatu behar dugu. Gonbidatuekin ere disfrutatu behar dugu. Gure indar guztiak jarriko ditugu jaialdia ilusioz bizitzeko.
Pozik al zaude aurtengo programarekin?
Agian egiten duzun programa ez da gehien gustatzen zaizuna, baizik eta une horretan egitea posible duzuna. Krisi momentu batean gaude eta horrek bere eragina du zinema jaialdietan, dudarik gabe. Guk lan egin behar dugu horren aurka borrokatzeko, eta film onenak ekartzeko hona. Aurten nabaritu egingo da; eta datorren urtean are gehiago.
Jaialdiaren egungo formatua arriskuan ikusten al duzu?
Publikoak gurekin jarraitzen duen bitartean posible izango da aurrera egitea. Gure asmoa formatu honekin gutxienez 25 urte betetzea da. Gehiago ezin dugu hazi; eta agian ez dugu zertan gehiago hazi beharrik. Mantentzea da erronka handiena. Bilatuko dugu beste bideren bat liburua argitaratzeko; argitaletxeren baten laguntzarekin beharbada. Generoko zinemaldiekin elkarlana sustatu beharko dugu… Halere, beste zinemaldi batzuekin konparatuz gero, ezin gara kexatu. Badakit Beldurrezko Asteak momentu txarrak bizi dituela. Baina uste dut kanpoan gertatzen ari denarekin konparatuz ondo gaudela, eta borrokatuko dugu horrela jarraitzeko.



