Luis Gasca, Okendo kultur etxean. (Argazkia: N. Lizarralde)
Bram Stoker idazle irlandarrak sortutako pertsonaiari eskaini diote Okendo kultur etxean ireki berri duten erakusketa: Banpiroen erregea
Arriskutsua, misteriotsua, gorrotagarria, lizuna, limurtzailea, begiak odoletan dituen munstro asezina… Hori guztia eta gehiago da Drakula,
Banpiroen erregea. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko protagonista handia da aurten. Bram Stoker idazle irlandarrak Drakula kondearen pertsonaia sortu zuenetik zinemak eta komikiak munstroaren hamaika aupegi sortu ditu. Horiek guztiak erakutsi ditu Luis Gasca bildumazaleak (Donostia, 1933) Okendo kultur etxean. Zineman eta komikian aditua da Gasca, eta hark urteetan bildutako materiala izango da ikusgai aretoan.
Kartelak, argazkiak, liburuak, komikiak, hainbat filmetako irudiak… Guztiek balio dute banpiro ezagunenaren estereotipo guztiak gertutik ezagutzeko. Baita denboran zehar, garaiko moden arabera, munstroaren itxura nola aldatu den ikusteko. Murnauk hatzamar luze eta bizkar makurreko izaki gisa irudikatu zuen
Nosferatu filmean. Bela Lugosik, aldiz, kapa eta gominadun banpiroaren irudia sortu zuen. Francis Ford Coppola, Terence Fisher, Tim Burton, Tod Browning… Asko eta asko izan dira Drakula zinemara egokitu duten zuzendariak. Gascaren ustez, ordea, ez da inoiz Stoker-en nobelaren benetako egokitzapenik egin.
Gascaren bertsio kuttunenak zuri-beltzean egin dituztenak dira: “Dena erakutsi beharrean, iradoki egiten duten lan horiek ditut gustuko. Munstroa biktimaren lepora gerturatzen denean, eta kosk egiten dion une horretan eszena guztia Drakularen kapa beltzarekin dena estaltzen denean. Momentu horiek gustatzen zaizkit, eta ez hainbeste odol zorrotadak erakusten dituzten horiek”.
Azken urteetan modan jarri diren Drakularen bertsioak “barregarriak eta aspergarriak” dira Gascaren iritziz. Bihotz oneko banpiro erromantiko ederrak baino, nahiago du betiko Drakula maltzur eta iluna: “Crepusculo ikustera joan nintzen, eta aretotik irten nintzen filma hasi eta gutxira. Modak dira bai, eta azken aldian banpiro oso biguinak daude modan”.
Drakulari buruzko komiki eta aldizkariak.
Fantasiazko eta Beldurrezko generoko pertsonaia gustukoenen zerrendan, Gascarentzat bigarrena da Drakula. Lehen postuan Frankenstein dagoela aitortu du. Izan ere, Gasca ez da soilik Drakularen bildumazalea. Txikitatik, hamalau urte zituenetik, zakarrontzian betiko desagertu behar zen material hori guztia salbatzen saiatu dela adierazi du: “Nire bizilagunek ere laguntzen zidaten aldizkari eta egunkari zaharrak gordetzen. Lehen ondareak ez zuen baliorik, eta are gutxiago komikiak. Dena bota egiten zen. Drakula urte hauetan guztietan zakarrontzitik salbatu dudan harribitxi bat gehiago da”.
Material asko eta asko erakusketatik kanpo geratu da, ez baitzegoen lekurik. Publizitateari eta merchandising-ari buruzko objektu eta kartelak geratu dira kanpoan.
Egun, Luis Gascaren artxiboa Koldo Mitxelenan ikus daiteke. Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen du bere ondarea: Diskoak, kartelak, argazkiak, komikiak, hiztegiak, gutunak, biografiak, filmak… Bildumazale nekaezina da Gasca, eta oraindik ere zaletasun berari eusten diola esan du. Oraindik inork landu ez dituen eremu horietan lan egitea du pasio Gascak: “Zinema eta komikiaren arteko harremana, zientzia fikzioa, komikia… Hutsetik hastea da nire pasioa. Horrek bultzatzen nau lanean jarraitzera”. Beldurrezko Asteak urte hauetan guztietan egindako lanarengatik omenaldia egin nahi izan dio erakusketa honetan.
Banpiroen erregea erakusketa abenduaren 7a arte izango da zabalik Okendo kultur etxean.