Rafa Albisu Ezenarro hil da
ETAren sortzaileetakoa izan zen; 1931. urtean jaio zen Donostian
Azken hilabeteak gaixorik pasa ondoren, 81 urterekin hil zen larunbatean Rafa Albisu Ezenarro. 1931n jaio zen Albisu, Donostian; 81 urte bete berri zituen antiguatarrak. ETAren sortzaileetako bat izan zen. Aurten ere, urtarrilaren 14an, beste sortzaileetako bat zendu zen, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Albisu bezala, antiguatarra.
Iñaki Gaintzarain, Julen Madariaga, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Iñaki Illarramendi, Manu Agirre eta Jose Maria Benito del Vallerekin batera Ekin taldea sortu zuen 1952an. EAJrekiko harremanak gaiztotu ostean, ETA erakundea sortu zuten, 1958an.
1961eko uztailaren 18an —Francoren altxamenduaren 25. urteurrena zen—, ETAk lehenengoetako ekintza egin zuen Donostian, soldadu frankistaz beterik zihoan tren baten aurka. Ehundik gora militante atxilotu zituzten polizia frankistek; tartean, Albisu bera. Ondoren, ETAko kideen aurkako lehen Gerra Kontseilua egin zuen frankismoak, besteak beste, Albisuren eta Illarramendiren aurka. Hogei urtera zigortu zuten, eta, besteak beste, Madrilgo eta Soriako (Espainia) espetxeetan izan zuten preso.
Lau seme alaba eta emaztea utzi ditu Albisuk; haien artean, Mikel Albisu Mikel Antza euskal presoa. Frantzian preso dago 2004an atxilotu zutenetik, eta hogei urtera zigortu zuten 2010eko abenduan.