'Soinujolearen semea', taula gainean
Izen bereko Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako antzerki obra Viktoria Eugenia Antzokira iritsiko da asteburuan
Bernardo Atxagak 2003an argitaratu zuen Soinujolearen semea. Antzerkirako egokitzapena hil honetan iritsi da, Tanttaka konpainiaren eskutik. Joan den urriaren 18 Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten taula gainean. Asteburuan Donostiara iritsiko da, Viktoria Eugenia Antzokira. Fernando Bernuesek zuzenduta, eta euskal aktore ezagunen parte hartzearekin: Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernandez, Mireia Gabilondo, Klara Badiola… Patxo Telleria arduratu da antzerki egokitzapenaz, Iñaki Salvadorrek egin du musika eta Jose Ibarrolak muntatu du eszenografia.
David eta Joseba dira protagonistak. Txikitako lagunak dira. Haur izateari utzi berritan Davidek jakingo du aitak nazionalei lagundu ziela gerra zibilean. Frankismoaren aurkako borrokak liluratuta, batak arrazoi ideologikoengatik, emozionalengatik besteak, artean hasi berria zen ETAn sartzea erabakitzen dute, 70eko hamarkadaren hasieran. Ezkutuko borrokaldi labur eta trakets baten ondoren Frantzian erbesteratuko dira. Handik gutxira etorriko da Daviden desilusioa, eta aurrerago, ETA uztea, eta lagunari eta taldeari egindako traizioa. Espetxetik irten ostean, kideen artean zokoratuta dagoenez, Davidek Ameriketara joatea erabakiko du, bizitza berri bat hasteko asmoz. Hogeita hamar urte geroago Davidek Josebaren bisita jasoko du, eta soinujolearen semeak, iraganean izkin egin nahi izan zien mamuei aurre egin beharko die.
Donostian azaroaren 3a eta 7a bitartean izango da taula gainean.