Egoitza berria aurkezteko agerraldia egin zuten arduradunek eta agintariek (Argazkia: Infotres).
Agifes elkarteak Loiolan duen zentroa ordezkatuko du zerbitzu berriak, lan baldintzak hobetzeko.
Agifesek, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, errehabilitazio psikosozialerako zentro bat inauguratu du Buenavistan. 350 metro koadro inguruko egiturak erabilera anitzeko hiru areto ditu eta hogei bat erabiltzaile hartzen ditu egunero.
Zentroaren helburu nagusia, bere arduradun Nerea Amunarrizen hitzetan, hauxe da: «buru osasun arazoak dituzten pertsonei gaixotasunaren ondorioz galdutako gaitasunak berreskuratzeko espazio bat eskaintzea, bizitza normalizatua eramateko aukera izan dezaten».
Irabazi-asmorik gabeko elkarteko lehendakariorde Jose Mari Irazustak baieztatu duenez, horrelako zentro bat edukitzea «oso berri ona da Agifesentzat», eta erabiltzaileek behar zuten egitura errealitatea izan dadin lagundu duten erakundeei eskerrak eman dizkie: Kutxazabali, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari, hain justu.
Irazustak gogorarazi du zentroaren erabiltzaileak, ekainera arte, Agifesek Loiolan duen beste zentro batera joaten zirela. «Lokal hori oso zaharkitua zegoen, eta ez zituen errehabilitazio lanak aurrera eramateko baldintza egokiak eskaintzen», esan du.
Kalitate hobea
Txelo Perez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezinduen eta Desgaituen Laguntza departamentuko zuzendariak, bere aldetik, Agifesek egiten duen «lan ikaragarria» txalotu du, eta zentro berriarekin «kalitate hobeko zerbitzua eta plaza gehiago» eskaintzen dituztela aipatu du. Izan ere, Loiolan 18 pertsonarentzako lekua zegoen, eta Buenavistan 22 erabiltzaile daude.
Aldundiko ordezkariak azpimarratu du, halaber, bere erakundeak buru osasunaren arreta hobetzeko egiten duen esfortzua. Egun, Buenavistakoa bezalako bederatzi zentro daude Gipuzkoan, 203 plazarekin, eta laster beste bat irekiko dute Arrasaten, 20 pertsona gehiago jasotzeko.
Buru osasun arazoak dituzten pertsonen garapen kognitiboa zein emozionala lantzen dute zentroan, eta etxeko lanak egiten ere ikasten dute, sukaldatzea kasu. Halaber, kirola eta norbere garbitasuna ere lantzen dituzte. Horrez gain, elkarlan hitzarmenak ditu Agifesek hainbat erakunderekin, erabiltzaileek kultur etxeak, liburutegiak edota kiroldegiak bezalako baliabide komunitarioak baliatzeko aukera izan dezaten. «Errehabilitazio psikosozialerako zentroak beharrezkoak dira buru gaixotasuna duten pertsona askorentzat. Etxetik ateratzea, beste pertsona batzuekin eta ingurunearekin harremanetan jartzea, eta eguneroko zereginak egiteko ohitura hartzen dute horrela, eta hori ezinbestekoa da ondoren prestakuntza programa edo lan normalizatuetan barneratu ahal izateko», baieztatu du Amunarrizek.
Zentroaren abantaila garrantzitsuenetarikoa da sukalde terapeutikoa. Amunarrizek azaldu bezala, instalazio horri esker, erabiltzaileek «eguneroko bizitzarako errezeta sinpleak, praktikoak eta orekatuak prestatzen ikasten dute».
Agifesen datuen arabera, buru gaixotasuna oso presente dago egungo gizartean, familia askotan. Gipuzkoako osasun mentaleko zentroek 5.000 kasu berri hartzen dituzte urtero, eta 2011n 80.000 pertsonari eman zitzaion arreta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Osakidetzaren arabera. «Zifrak alde batera utziz, kontziente gara laguntza eskatzera ausartu ez den pertsona asko dagoela», ohartarazi du Irazustak.