Euskal Liburuaren Gaua aurkeztu dute gaur goizean (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskal Liburuaren Gauaren lekuko izango da Viktoria Eugenia Antzokiko Club Aretoa, datorren azaroaren 5ean. Bosgarren urtez jarraian antolatu dute ekimena hirian euskal literaturaren inguruan lanean diharduten bost elkartek; Euskal Editorren Elkartea, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Irudigileak, Galtzagorri Elkartea, eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea. Gauaren helburu nagusia, euskal literaturari lekua ematea eta elkarrekin “goxotasunean” egotea dela azaldu du Jorge Jimenezek, Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak, gaurko aurkezpenean. Ekimena irekia izango da, eta elkarteekin lotura duten lagunez gain, literatura zaleei ere joateko deia egin diete. Euskal Literaturaren Gauean, Dabilen Elea saria banatuko dute, eta aurtengoan, Joxe Azurmendi idazle zegamarrarentzat izango da. Hala, bere ibilbide oparoa saritzeaz gain, bere jarrera eta lanerako grina ere saritu nahi dituzte, besteak beste.