Pastelak taldea sortu duten gozogileak, gaurko aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Gipuzkoako bederatzi gozotegi artisauk sortu dute Pastelak elkartea. Gozogintzari merezi duen indarra ematea da beraien helburua. Horretarako elkarlanean ariko dira, eta postreak, lehenengo eta bigarren platerak adinako garrantzia lortu arte ez dute atsedenik hartuko.
Donostiako Barrenetxe, Geltoki eta Echave, Errenteriako Casa Aramendia, Tolosako Gorrotxategi, Zarauzko Sayalero, Ordiziako Unanue, Azpeitiako Egaña eta Elgoibarko Muruamendiaraz dira Pastelak taldea osatzen duten gozotegiak.
Euskal gastronomia mundu mailako erreferente bihurtu da baina gozogintza bigarren mailan dagoela salatu dute. Tolosako Rafa Gorrotxategiren esanetan, “belaunaldiz- belaunaldi igarotako lanbidea da gozogileona, eskuz eta kalitatezko osagaiekin egiten ditugu gure produktuak, beraz, merezi duen garrantzia eman behar zaio”. Donostiako Geltoki gozotegiko Jose Mari Pikabearen arabera, berriz, “bizi guztia daramat gozo artean, eta bizimodua eta ohiturak asko aldatu badira ere, denok jaten dugu pastel edo tarta goxo bat gustura, beraz aurrerantzean ere gure otorduetako gozoak zaindu beharko genituzke. Orain adibidez, Kruxpetak eta Santuen hezurrak jateko egunak dira.”