Gaur goizean egin dute 'Soinujolearen semea' antzezlanaren aurkezpena (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokiek indarrak batzeari esker, Tanttaka antzerki taldeak ‘Soinujolearen semea’ antzezlana sortu du. Patxo Telleriak Bernardo Atxagaren nobela ezaguna egokitu du antzerkirako, eta aste honetan Donostiara iritsiko da; Fernando Bernues donostiarraren zuzendaritzapean. “Gaztelerazko bertsioa aberatsa da, baina euskarazkoa aberatsagoa”, ausartu da esaten Telleria gaur goizeko prentsaurrekoan. Izan ere, antzezlana bi bertsiotan prestatu dute, euskaraz eta gaztelaniaz; eta biak onak diren arren, euskarazkoak xarma berezia du Telleriaren ustez. Oso pozik agertu dira antzezlanaren arduradunak eta aktoreak lortutako emaitzarekin. Gainera, euren hitzetan, dagoeneko Bilbon eta Gasteizen oso harrera ona jaso dute. Pertsonaia nagusia, soinujolearen semea, Aitor Beltran aktore donostiarrak betetzen du.