Santiago Valenzuela: "Komikia ez da birtuosismoak egiteko mediorik onena"
Iaz Espainiak Komiki Saria eman zizuten Capitan Torreznoren zazpigarren zenbakiagatik. Noiz sortu zenuen pertsonaia?
Arte Ederretan nintzenean sortu nuen Capitan Torrezno. Nire istorioetako bigarren pertsonaia bat zen. Orduan hasi nintzen serioago lan egiten. Hasieran imitazioak egiten nituen, gero gauza umoretsuagoak egiten hasi nintzen… Egunkarian behin Moebiusen istorio bat ikusi nuen, eta Moebius kopiatzen hasi nintzen. Disfrutatzen ari nintzen, ikasten. Baina ez nuen pentsatzen hori inork irakurriko zuenik. Lagunei erakusten nien, besterik gabe. Hainbat fanzinetan hasi nintzen argitaratzen. Umore beltzeko istorioak idazten nituen, Madrilgo tabernazuloetan girotutakoak. Baina hura irteerarik gabeko kale bat zen. Azkenean oso aspergarria zen. Medioak ematen dituen aukerak galtzen ari nintzen. Absurdoaren umorearekin hasi nintzen gero, eta handik mundu fantastikora egin nuen jauzia. Baina errealitatetik aldendu gabe. Osagai horiek guztiak nahastu nituen. Capitan Torrezno pertsonaia hartu, eta mundu desberdin batera eraman nuen.
Izenagatik aurkakoa badirudi ere, Torrezno anti-heroi bat da.
Izenarekin ez nuen asmatu, egia da. Torrezno funtzionario zahar eta bakarti bat da. Ustekabean, soto batean mikromundu bat aurkituko du. Soto horretan aurkitzen duena, ordea, ez da mundo heroiko baten proiekzioa. Mundu hori Madrilgo eraikin bateko sotoa da. Liliput moduko bat da; mikromundu bat. Bere ustezko sortzailea, Torrezno, gurtzen duen zibilizazio bat dago bertan.
Sariak eraginik izan al du zure ibilbidean?
Bai, tranpolina izan da. Baina horregatik ez du orain bat-batean mundu guztiak Capitan Torrezno ezagutzen. Oso gutxitan gertatzen dira halako fenomenoak. Paco Rocaren Arrugas komikiak lortu du hori, esaterako. Publiko masibo horrekin kontaktatzea lortu behar duzu. Interes orokorreko gai bat izan behar da, eta errealitatearekin lotura handia duena. Baina niri hori ez zait interesatzen. Ez dut istorio mota horiek kontatzeko beharrik sentitzen.
komikigile batek marrazteari garrantzia kentzeak harritu egiten nau.
Nik uste dut komikia funtsean arte narratibo bat dela. Komiki orri batek bineta asko ditu, eta bineta bakoitza ezin duzu marraztu koadro bat izango balitz bezala. Ez du zentzurik. Zerbait oso ondo marraztu nahi baduzu, ondo. Baina komikia ez da hori egiteko mediorik aproposena. Aurpegi baten espresio oso konplikatu bat egiten baduzu… Pentsa, hori gero, hogei edo berrogeita hamar aldiz marraztu beharko duzu. Ongi egin behar duzu, jakina, eta marrazkiari probetxua atera behar diozu. Baina komikia ez da birtuosismoak egiteko mediorik onena. Nik jada denbora asko galtzen dut lan guztia errepasatzen. Erabilera bat duen marrazkia da. Marrazkia hitzarekin doa, eta horrek funtzionatu behar du.
Capitan Torreznotik haratago ere badituzu beste proiektu batzuk.
Bai, baina Capitan Torreznok denbora asko kentzen dit. Gidoi asko ditut, baina airean dauden proiektuak dira. El gabinete del doctor Salgari (2007) liburuaren bigarren zatia ere idatziko nuke. Baina oraingoz Torreznorekin jarraitu behar dut, derrigor. Liburu berria astebete barru kaleratuko dut: La estrella de la mañana (Panini).
Komikirik irakurtzen ez dutenei zein gomendatuko zenieke?
Moebiusen liburuak. Batez ere, Le Garage hermetique komikia. 70eko bukaeran egin zuen. Askatasun osoz egin zuen; oraindik komikigintzaren mugak ezartzen ari ziren oraindik. Narratiba klasikoa du, baina sormen izugarria du. Erreferente bat da. Edonork irakur ditzake. Narrazioa gehiago interesatzen zaienentzako Corto Maltes gomendatuko nieke. Abenturazko kontakizun klasikoak dira. Film asko baino hobeak direla esango nuke. Komiki askok merezi dute irakurtzea. Gainera, orain badirudi soilik nobela grafikoari eman diotela aitortza; hau da, egunerokotasunak eta gizarte gaiek meritu handiago dutela, generoko istorioek baino. Eta hor ikusten da kultura falta izugarria dagoela. Mundu anglosaxoian hori ez da gertatzen.
Eta zure lana oraindik ezagutzen ez dutenei?
Capitan Torreznoren lehen zenbakia. Logikoena hortik hastea izango zen. Baina zaharrena da, ia hamabi urte dira egin nuenetik. Akats asko ditu. Gehien saldu den zenbakia da. Baina hori saga bateko lehen zenbakiekin gertatzen da beti. Pazientzia apur bat behar da hura irakurtzeko. Istorioak hasieran parodia bat dirudi, fantasiaren parodia bat. Fantasia heroikora gerturatzen naiz, baina berehala aldatzen da istorioa. Torrezno tenplu batera iristen, da eta ehun pezetako billete zahar bat gurtzen ari direla ikusten du. Mikromunduko hiriburuan, berriz, NAN zahar bat gurtzen ari dira… Haien zibilizazioaren sortzailetzat jotzen dute bertan bizi direnek.
Beldurrezko Asteak Santiago Valenzuelaren ilustrazioak ekarri ditu egilearen etxera, Donostiara. Principe zinean komikigilearen lanak izango dira ikusgai abenduaren 2a arte
Santiago Valenzuelak (Donostia, 1971) Espainiako Komiki Saria lortu zuen iaz, Capitan Torreznoren sagako zazpigarren bildumagatik. Ilustratzaileak sortu duen pertsonaiarik ezagunena da. Torrezno ez da, ordea, ohiko komiki heroi bat. Valenzuela bera ere ez da ohiko komikigile bat. Bere ustez, garrantzitsuena ez da ondo marraztea, istorioak ondo kontatzea baizik.
Madrilen bizi zara egun; zein harreman duzu Donostiarekin?
Ez naiz inoiz Donostian bizi. Donostian jaio nintzen nire ama hemen urtez luzez bizi izan zelako. Nire aiton-amonak nafarrak ziren. Bisitan bai, askotan etorri naiz; udan eta gabonetan, oporretan.
Beldurrezko Astean egon al zara inoiz?
Ezagutzen nuen, baina aurten izan da jaialdian egon naizen lehen aldia. Donostiako Zinemaldian ere ez naiz inoiz egon. Urteko sasoi honetan ez naiz inoiz egon. Duela gutxi Capitan Torreznoren azken zenbakia aurkeztera etorri nintzen, baina… hamar urte dira Donostiara azken aldiz etorri nintzela. Aiton-amonak hil zirenetik oso gutxitan etorri naiz.
Nola hasi zinen komikiak egiten?
Ilustratzaile guztiak bezala; txikitatik komikiak irakurtzen. Irakurtzeari utzi eta komikiak kopiatzen hasi nintzen. Nik uste dut ilustratzaileen azken bi edo hiru belaunaldiak horrela hasi zirela lanean. Zaharragoak direnak izan ezik; horiek aitzindariak izan ziren. Ez zuten txikitan komikirik irakurri, ez zegoelako ezer. Baina nire belaunaldia eta aurrekoa ere, komikizaleen belaunaldia gara. Komikiak irakurtzetik komikiak marraztera ez dut uste aldaketa ikaragarririk dagoenik. Nik uste dut oso naturala eta automatikoa dela. Nik ez nuen pentsatu, ‘aurrerantzean hau egingo dut’. Hori geroago dator. Edo ez. Komikigintzaren egoera oso txarra da, eta beraz ez duzu inoiz galdera hori planteatu beharrik ere.
Beraz, bakarrik hasi zinen.
Bai, besteek egiten zutenarekin ikasi dut. Arte Ederrak ikasi nituen, baina ez zidaten ezer irakatsi. Komikiaren mundua ez zuten aipatu ere egin bost urte haietan. Klasean, ordea, komikizale batzuk elkartu egin ginen, eta fanzine batzuk sortu genituen. Halere, ez dut uste komikigile izateko eskolarik behar denik.
Marraztea berezko dohain bat al da?
Txikitan asko marrazten nuen, baina haur guztiek bezala, ezta? Adin horretan marraztea jolastea bezalakoa da. Film bat ikusten nuen, eta eszena batzuk marrazten saiatzen nintzen; gerrak eta batailak. Orduz geroztik ez dut uste asko hobetu dudanik nire teknika. Orain ere antzeko gauzak marrazten ditut.
Komikian gidoiek duten garrantzia azpimarratu izan duzu.
Nik uste dut nire komikiei istorioek ematen dietela balioa. Ni ez nago nire marrazkiekin oso pozik. Pixkanaka hobetzen ari naiz, baina badakit non dauden nire mugak. Marrazkilariek ere, euren istorioak kontatzen dituzte. Eta hor oker daude; mundu guztiak ez duelako zerbait kontatzeko, eta ez du mediorik hori kontatzeko. Eta hor galtzen ditugu irakurleak, eta horregatik gaude gauden bezala. Eta hor ikusten da ez dagoela komiki industria bat. Nola emango diozu norbaiti zure istorioak idazteko lana? Oso diru gutxi dago jokoan; eta obra bakoitzeko oso ale gutxi argitaratzen dira. Ez dago gidoilari profesionalik. Azkenean dena lagun artean geratzen da.
Zerk bultzatu zintuen istorioak kontatzera?
Irakurtzen nituen istorio horiek, hain zuzen. Abenturazkoak… eta zientzia fikziozkoak batez ere. Irakurtzen nituenak eta egiten ditudanak ez dira horren desberdinak. Beno apur bat bai, hori espero dut [barrez]. Umore gehiago dute, eta narratzeko moduan ere zenbait aldaketa egin ditut.