Bigarren Mailako talde baten aurka ere ez
Realak Kordoban galdu du (2-0), etxetik kanpo berriro ere, Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan.
Lehen Mailako taldeak lehiatzen hasi dira Espainiako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketetan. Ezuste handirik gabe, goi mailako taldeak euren partidak aurrera ateratzen ari ziren; Reala iritsi den arte. Talde txuri-urdinak, berriro ere, kale egin du etxetik kanpo. hain zuzen ere, Kordobako Nuevo Arcangel futbol zelaian 2-0 galdu du. Horrenbestez, Anoetako itzulerako partidan zail izango du kanporaketari buelta ematea.
Realak etxetik kanpoko dinamika kaskarra puskatzeko aukera paregabea zuen gaur, Bigarren Mailan dagoen talde bat baitzuen aurkari. Kopak ez dizkio albiste onak ekarri realzaleei azken urteetan; hortaz, dinamika hori ere aldatzeko parada zen. Ez bata, eta ez bestea. Montanierrek zuzendutako jokalariek norgehiagoka kaskarra egin dute, eta atsedenaldirako dagoeneko 1-0 ziren atzetik, 43. minutuan jasotako gol baten ondorioz. Bigarren zatian, andaluziarrek errenta handitu dute, penalti baten bitartez, 75. minutuan.