Ikastetxe ero bateko gorabeherak, plano bakarrean
‘DBH’ telesaila estreinatuko du gaur gauean ETB 1 telebista kateak; tartean aktore donostiarrak izango dira
Telesail berri bat estreinatuko dute gaur gauean ETB 1 telebista katean; DBH. Ikastetxe ero bateko zazpi irakasleren eta zuzendariaren arteko tirabirak izango ditu oinarri, eta umorez josia egongo da. Ramon Agirre eta Asier Sota izango dira telesaileko aktore donostiarrak; ikastetxeko zuzendaria izango da lehena, eta plastikako irakaslea bigarrena. Gainera, Groseko Anartz Zuazua aktoreen zuzendaritza lanean dabil. DBHren ezaugarri nagusia, plano bakarreko sekuentziak eskainiko dituela izango da, kamera finko bakarra erabiliko baitute. «Mono kamera-multi set deitu diogu ekoizpen sistemari. Lau dekoratu daude, baina kamera bakarra, eta beti finko dago. Beti ikuspuntu berbera erakutsiko digu kamerak», azaldu zuen Itziar Azpeitia ETBko programa berrien garapenerako buruak, atzoko prentsaurrekoan.
Gainontzeko aktoreak ere ezagunak dira; Elena Irureta (Gizarteko irakaslea), Mikel Martinez (Euskara), Joseba Apaolaza (Soinketa), Sara Cozar (Musika), Nagore Orbeltzu (Natur Zientziak) eta Xabier San Sebastian (Matematika). Bestetik, Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Anjel Aldarondo dira saioko gidoilariak, eta Nagore Aranburu zuzendaria. «Zerbait entretenigarria, arina eta umorez betetakoa egiten saiatzen ari gara», esan zuen Aranburuk. Saioa ekoitziko dutenak K2000, Txintxeta eta ETB izango dira.
Erritmo bizia
EiTBren Miramongo egoitzan izan zen IRUTXULOKO HITZA, eta telesaileko grabaketaren zati bat aurrez aurre ikusteko aukera izan zuen. «Bost, lau, hiru…», hasi zen grabaketa, baina bakoitza behar duen toki zehatzean ez egoteak edo hitz bakar bat gaizki esateak dena errepikarazi dezake. Erritmo bizia dute grabaketek, eta ezin da hutsik egin. Izan ziren pasadizoak atzoko grabaketan ere. Esaterako, sekuentziako azken esaldian, Ramon Agirrek «ikastetxe honetan» esan beharrean, «jatetxe honetan» esan zuenekoa.
Igandetik ostegunera izango da DBH ikusteko aukera; 22:15ak inguruan. Hori bai, igandetik asteazkenera 10 minutuko atal laburrak izango dira, eta ostegunetan atal guziak jarraian eskainiko dituzte.
Ramon Agirre; ‘DBH’ telesaileko aktorea: “Oso dibertigarria izango da; ea irauten duen”
Ikastetxeko zuzendariaren larruan sartuko da Ramon Agirre aktorea (Antigua, 1954), DBH telesailean. Agur esan dio Goenkaleko Ernestori, Juanmari izateko, eta bi pertsonaien artean zer ikusirik ez egoteak asko poztu duela esan dio Irutxuloko Hitzari.
Ikastetxeko zuzendaria izango zara, Juanmariren larruan. Zer kontatuko zenidake zure pertsonaiaz?
Juanmari zuzendaria da, eta egunero etortzen da umore onez eta egun lasaia izango duen esperantzarekin. Baina goizetik jendea gauzak aldrebes egiten hasten da, eta desastre hutsa izaten da. Orduan Juanmari haserretu egiten da, eta sutan bukatzen du. Ez dakit kuadrilla nola gobernatu.
Ez da zuzendari baten larruan zabilzan lehen aldia, Goazen telesailean ere bete baitzenuen. Zurea al da postua?
Nik uste dut gure artean adinak ere markatzen duela postua. Fikzioan aginte makila ematen didate, baina gainontzean bizitzan ez dut inon ere agintzen; nik esandakoak ez du ezertarako balio izaten. Gutxienez fikzioan noizbehinka nik esandakoa egiten da.
DBHn murgilduta zabiltza, zure Goenkaleko ibilbidea bukatu da orduan?
Bai. Pasarte batzuk geratzen ziren Goenkalen iazko istorioak ixteko, eta egin nituen. Orain bizarra utzi dut, pixka bat itxuraldatzeko. Espero dut jendeak aldaketa hori azkar egingo duela buruan, ez ikustea oraindik ere Ernesto, Juanmari baizik.
Zuretzako ere pertsonaia aldaketa handia izan da, Ernesto gaizto horretatik Juanmari zuzendarira, ezta?
Bai, zeharo desberdina da, eta hori oso polita da. Gainera komedia da eta ez du zer ikusirik.
Zineam Amour filmarekin izandako arrakastaren ostean, itzultzeko gogoa ere izango duzu, ezta?
Bueno, orain hemen nago. Nahita ere ezingo nuke, hemen nagoelako buru-belarri. Etorriko dira etorri behar badute proiektu gehiago, eta egingo ditugu. Ate guztiak zabalik ditut. Eskuartean daukazunarekin dena ematea da kontua.
Animatu itzazu herritarrak DBH ikustera.
Nik uste dut oso dibertigarria izango dela. Izugarrizko erritmoa dauka produktuak. Izerditan gabiltza, baina helburua lortzen ari gara. Barregarria da, komedian onak diren aktoreak ditugu eta nik uste dut euren onena ematen ari direla. Oso dibertigarria izango da; ea irauten duen.