Parte Zaharra terrazez «gainezka» dagoela salatu dute bizilagunek
Udalak berritu behar duen ordenantzan, hiritarren proposamenak kontuan hartzeko eskatu dute
Udalak terrazen inguruan aurkeztuko duen ordenantza berrirako proposamenak helarazi zituen atzo Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. Elkarteak auzoaren egoera eta auzotarren bizi kalitatea kezkagarria dela iritzi du, eta honen aurrean neurriak hartzeko eskatu zuen atzo egindako agerraldian. Aurkeztutako proposamena kontuan hartzeko eskatu dute, batik bat ordenantza berrituko dutelako; «udalari eskatu nahi diogu bizilagunon iritziak kontutan izatea», adierazi zuten.
Terrazekin lotutako arazoak hainbat direla salatu zuen Parte Zaharrean Bizik. Batetik, espazio publikoaren erabilera pribatuak, hau da, ostalaritzak egiten duen erabilera «gehiegizkoa» eta desegokia dela salatu zuten; eta bestetik, hori dela eta, bizilagunek jasaten dituzten eragozpenak.
2.240 terraza eserleku
Arazoen artean, azpimarratu zuten ostalaritzako terrazek ez dutela arautegia betetzen, batik bat, dagozkien eremuak okupatzeari dagokionez, eta horrek berak auzoa «gainezka» egotea dakarrela. Elkarteak adierazi zuen auzoan 2.240 terraza plaza daudela guztira. Bestalde, tabakoaren aurkako legeak eragindako arautu gabeko hainbat materialen erabilera azpimarratu zuten. Besteak beste, kupelak, baldak, mahai altuak berogailuak…
Hainbat eskari
Hori dela eta, besteak beste, eskari hauek helarazi dituzte: lizentzia gehiago ez ematea, Segurtasun Plan Integrala osatzea, akustikoki beteta dauden lekuak identifikatzeko soinuen mapa egitea, gainezka dauden lekuak identifikatzea eta enparantza eta esparru bereziak kontuan hartzea.



