Harpidedunei, irakurleei eta eragileei bileretan parte hartzeko deia egin die Irutxuloko Hitzak
Azaroaren 8an eta 12an, proiektu berria azaltzeko batzarrak izango dira Koldo Mitxelenan, 19:00etan.
Urte asko daramatza Donostiako euskalgintzak bertako euskarazko informazioa ematen duten komunikazio proiektuak lantzen. Hauen artean, Donostiako euskaldunei bertako informazioa euskaraz eskaintzeko asmoz 2005ean sortu zen Irutxuloko Hitza.
Urte hauetan guztietan nahi baino arazo gehiago sortu izan da. Krisi ekonomikoaren eta hedabideen eredu krisiaren eraginez, hainbat aldaketa eta egokitzapen egin behar izan ditu Irutxuloko Hitzak. Aurrerantzean ere egin beharko ditu, komunikazioaren esparruan aldaketa etengabea baita.
Hain zuzen ere, egunkariak 2013. urtearen etorrerarekin abian jarriko duen proiektu berriaren nondik norakoak jakitera emateko, Irutxuloko Hitzak bi batzar egingo ditu datozen egunetan harpidedunekin, irakurleekin eta hiriko eragileekin. Horietako lehen bilera azaroaren 8rako, osteguna, finkatuta dago. Koldo Mitxelena kulturunean izango da hitzordua, 19:00etan. Kasu honetan, eragile sozial, kultural eta sindikalei zuzendutako bilera da.
Harpidedunak eta irakurleak, bere aldetik, azaroaren 12rako daude deituta. Proiektu berriaren xehetasunak azaroaren 12an, astelehena, azalduko zaizkie. Bilera hau ere Koldo Mitxelena kulturunean izango da, 19:00etan.
Proiektu berriarekin, Irutxuloko Hitzaren helburua euskarazko informazioaren esparruari eustea da, hizkuntza normalizazioaren bidean hedabideena sektore estrategikoa delako.
Horregatik, aurrera begira jarri nahi du egunkariak. Proiektu honek badu etorkizuna. Komunikazio joera berriei erreparatu eta hauek gurera egokituz Donostiako euskaldunentzat ahalik eta proiektu sendoena egin nahi du Irutxuloko Hitzak.
2013an, astekaria
Duela zenbait hilabete, egunkaria astean sei egunez argitaratzetik lau egunetan argitaratzen hasi genuen. Hala ere, kaltea izan zitekeena mesede bihurtzea lortu dugu, harpidedunen eta irakurleen beharrei dagokienez. Itzurun gehigarria sortu genuen lehenik; Gipuzkoako Hitza etorri zen geroago; eta internet ataria indartu dugu aurten, unean uneko albiste, irudi eta bideoekin, eta sare sozialetan presentzia bermatuz.
Orain, aldaketak etorri dira berriro, baina berezitasun krudel batekin; lehen aldiz, lan taldean izan dute eragina. Izan ere, Irutxuloko Hitzak bi langile gutxiago ditu irailaz geroztik. Baina, egoera zailetatik indartuta ateratzeko printzipioari berriro helduta, egitasmo indartsua prestatu dugu 2013rako, galdu baino, harpidedunek zein irakurleek irabaz dezaten.
Egitasmo horren oinarriak finkatuta daude dagoeneko: Irutxuloko Hitza astekaria bihurtuko da urtarrilaren 2013tik aurrera eta interneteko ataria astelehenetik igandera aktibo egongo da, atsedenik gabe. Apustu handia da, langile gutxiagorekin, presentzia areagotuko dugulako egunerokoan; larunbatetan eta igandeetan izango gara, esaterako.
Hirian gertatzen dena ikusteko eta entzuteko aukera emango dugu
Internet Irutxuloko Hitzaren erronka izan da urte hasieratik, eta apustuari segida emateak zentzu handiagoa izango du orain, teknologia berriek paperari tartea kentzen dioten honetan. Lan taldea goitik behera aldatuko dugu funtzioei dagokienez; lau kazetari ez ezik, bi pertsona ere izango ditugu bideogintzan lan egiten. Helburua argia da; unean uneko albisteak zintzilikatzeaz gain, hirian gertatzen dena ikusteko eta entzuteko aukera emango dugu. Gure balio erantsia, lehen aipatu bezala, astelehenetik igandera egongo garela izango da. Beste balio erantsietako bat, zalantzarik gabe, gure izaera da; ez dugu lehiakiderik hainbat gaietan. Besteek ematen ez dutena edo modu laburrean ematen dutena, guretzako albiste da. Auzoek, jaiek, herritar arruntek eta elkarteek sortzen dituzten albisteei buruz ari gara. Erreferente izan behar dugu horretan. Dena da albiste guretzako, beti ere helburua herritarrei ahotsa ematea bada.
Txoko guztietara heltzeko prest gaude, orain arte iritsi ez garen horietara ere. Nola? Sare sozialen bitartez. Hain zuzen ere, teknologia berrien gizarte honetan herritarren kopuru handi bat internetera konektatuta bizi da. Kalean fisikoki dagoen moduan, interneten birtualki dago. Sare sozial horiek, Facebook eta Twitter batez ere, komunikabideen oinarria bihurtu dira gauetik goizera.


