Txomin urbanizatzea eta Martuteneko zubia aldatzea lehentasunak dira
Uholdeak ekiditeko, udalak hainbat neurri hartuko ditu Urumea ibaiertzean, batik bat zubiak zabaldu eta igoz
Urtebete igaro da uholdeek Donostialdean hainbat kalte eragin zituztenetik; Martutene eta Txomin Enean, kasu. Urteurrenaren harira, udal gobernuak agerraldia egin zuen atzo, besteak beste, gertatu litekeena aurreikusi eta saihesteko hartuko diren neurriak azaltzeko.
Neurri eta ekimenen artean, Martuteneko zubia aldatzea edoTxomin Enea auzoa urbanizatzea daudela azaldu zuen Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek. Auzoetako bizilagunekin iritziak jasotzen saiatu direla azaldu zuen Burutaranek; «Martuteneko zubia ordezkatzea izan zen auzoko hiritarrek iaz eskatutako ekimenetako bat», esan zuen. Gaineratu zuen ziurrenik hori izango dela lehen egingo den lanetako bat, urarentzat oztopo izan ez dadin.
Txomin Enearen kasuan, urbanizazio lanek 3,5 metroko altura eman nahi dio auzoari, uholdeen aurkako defentsa sendotzeko. Lanak 2013an hastea aurreikusten dute.
Hala ere, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Nekane Burutaran Giza Baliabideetako eta Herri Babeseko zinegotziarekin egindako agerraldian, beste hainbat neurri azaldu zituzten.
Lehenik, Sarasola zubia edo Egiako zubia bezala ezagutzen den hori aldatzeko URArekin egindako akordioa azaldu zuten. Oraingoan, zubi zabalago eta altuago bat jarriko dute. Bestetik, alboan dagoen Ciudad Jardin deiturikoan egingo diren aldaketen artean, lezoi izeneko murru begetalak jarriko diztuzte ibaiak gainezka egiten duenerako.
Kaltetuak, Morlansera
Izagirrek desberdindu nahi izan zituen, larrialdia zela eta, beste leku batean ostatu eman behar izan ziren horiek, eta bestetik, ekimen urbanistikoak direla eta, etxez aldatu beharrekoak. Azpimarratu nahi izan zuen, egun ez dagoela inor erantzunik gabe.
Aurrerantzeko hilabete eta urteetan, ekimen urbanistikoak direla eta, bai Txomin Enean, edo adibidez, Martuteneko zubiaren obra dela eta, jendea etxez aldatzeko beharra ikusten dutela esan zuten, eta horretako Morlanseko etxebizitzekin kontatzea espero dutela. Bertako 70 etxebizitzen etorkizuna, baina, Eusko Jaurlaritzarekin adosten ari dira. Izagirrek, hala ere, familiak «lasai egon daitezela» esan zuen, aste barruan erantzun positibo bat espero dutelako.
SMSak eta sirena
Nekane Burutaranek, bestalde, gogorarazi zuen iaz udalak eskura zituen baliabide guztiak jarri zituela abian, baina indarrean zegoen Larrialdi Planak hutsak zituela.
Ondorioz, udal gobernua plan eraginkorrago bat lantzen hasi zela adierazi zuen. Irizpideetako bat, uraldia bera heldu aurretik Larrialdi Egoera indarrean jartzea da. Bizilagunen partaidetzari garrantzia eman diotela adierazi zuen, eta hainbat sistema jarri dituztela martxan, larrialdi egoeretarako. Esate baterako, sirenak, megafonia eta SMS mezuak, eta auzokide guztiek hiru orriko bat jaso dutela, uholdeetan nola jokatu azaltzen duena.
Azken urtean Txomin Enea, Martutene eta Ciudad Jardineko biztanleekin udalak hainbat bilera izan dituela adierazi zuten. Uholdeen lehen urteurrenean, zonalde hauetako bizilagunekin bilera bana aurreikusi dute. Gaur, 19.30ean, Txominen izango da lehendabizikoa eta Martutenen, asteazkenean, 19.00etan.