Donostiaren bigarren mendeurrenari buruzko lan onenari sari berezia emango diote Koldo Mitxelena Eskolarteko Literatur Lehiaketan
Donostia 1813-2013 gaia ardatz hartzen duten komiki, olerki, ipuin eta bertso paper guztien artean aukeratuko dute
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Koldo Mitxelena Eskolarteko Literatur Lehiaketa abian da. Donostiako ikastetxeetako 6-18 urte bitarteko ikasleek parte har dezakete bertan, eta lanak aurkezteko epea zabalik egongo da 2013ko otsailaren 8ra bitartean. Lan guztiak Udaleko Euskara Zerbitzura bidali behar dira data horretarako.
Donostia 2013 Sari Berezia
Aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia Donostia 2013 Sari Berezia da. 2013an 200 urte beteko dira Donostia erre eta suntsituta izan ondoren hiria berreraikitzea erabaki zutenetik. Mendeurrena dela eta, Donostia 1813-2013 gaia ardatz hartzen duten komiki, olerki, ipuin eta bertso paper guztien arteko lan onenak “Donostia 2013 Sari berezia” jasoko du.
Lehiaketan parte hartzeko oinarriak Donostiako ikastetxe guztietan eta leku publikoetan (kultur etxe, liburutegi, gazteleku…) banatuko dira eta parte hartu nahi dutenek oinarriekin banatu den fitxa bete beharko dute. Lehiaketa lau ataletan banatuta dago: Olerkia, ipuina, bertsoa eta komikia. Sei kategoria bereizten dira, adinaren arabera
Aurtengo epaimahaikideak honako hauek izango dira: Antton Olariaga komikigilea, Joxerra Garzia idazle eta bertso aditua, Pello Añorga ipuin egile eta kontalaria, Arantxa Urretabizkaia idazlea, Yolanda Arrieta idazlea, Inazio Mujika idazlea eta Mari Jose Olaziregi literatur kritikoa.
Joan den ekitaldian Donostiako 26 ikastetxetako 1.627 ikaslek parte hartu zuten eta 1.712 lan aurkeztu zituzten. XXIV. edizioaren sari banaketa ekitaldia Viktoria Eugenia antzokian egingo da datorren urteko maiatzaren 12an.
