Imanol Cover lehiaketaren finala igandean jokatuko dute
Imanol Cover lehiaketaren finala igandean jokatuko dute, Antiguako Lugaritz kultur etxean. Imanol Oroituz herritar taldeak, Donostia Kulturak eta Euskadi Irratiak bat egin dute Imanol Cover lehiaketa antolatzeko. 2004ean hildako Imanol Lartzabal abeslari antiguatarraren izena eta izana oroitzea izan du helburu lehiaketak. Hala, bere abestien bertsioak egin behar izan dituzte partaideek. Guztira, 52 lan jaso dituzte, 21 taldek eta bakarlarik eginak. eitb.com webgunearen bidez, dagoeneko entzuleek hautatu dute euren abestirik gogokoena, eta Edorta eta Boti bikotea izan da garailea. Horretaz gain, epaimahai batek guztien artean zazpi finalista hautatu ditu. Zazpi talde horiek izango dira igandeko finalean lehiatuko direnak, sari nagusia lortzeko; Lugaritz kultur etxean, 19:00etan. Txapeldunak 2.000 euroko saria jasoko du, eta entzulearen sariaren irabazleak, berriz, 1.000 euro.

