Javier Aizpurua donostiarrak zuzendutako ikerketa bat argitaratu du 'Nature' zientzia aldizkariak
Ikerketak frogatzen du eskala azpinanometrikoan argiak materiarekin era desberdinean elkarreragiten duela
Javier Aizpurua donostiarrak zuzentzen duen ikertzaile taldearen lana Nature zientzia aldizkariak argitaratu berri du. Donostia International Physics Center-eko eta Donostiako Materialen Fisika Zentro-ko zientzialaria da Aizpurua. Berak zuzendutako taldeak, besteak beste, argidun gailu optoelektronikoak egiteko estrategiak eta elektronika molekularrerako paradigma berriak eskaintzen dituen teoria iraultzailea baieztatu du. Eskala nanometrikoan argia manipulatzea lortzeak datorren iraultza teknologikoa bermatu dezakeen zutabetako bat izan daiteke-eta. Nature nazioartean ospe eta oihartzun gehien duen zientzia aldizkaria da.
Aizpurua eta bere ikertzaile taldearen lana Cambridge eta Paris-Sud Unibertsitateen laguntzarekin burutu da, eta honi esker, Aizpuruaren taldeak aurreratutako teoria baieztatua izan da. Teoria honek argiak materiarekin eskala azpinanometrikoan era desberdinean elkarreragiten edo interakzionatzen duela azaltzen zuen.
Aizpuruak azpimarratzen duen bezala “ikerketak urte luzeko lana suposatu izan du eta, lehen aldiz, tenperatura eta huts baldintza ingurunean, antena optikoetan suertatzen den mekanika kuantikoaren efektuak ikustea eta ulertzea bermatu izan du”.
Adituen esanetan, argia nanoeskalan maneiatzeak hurrengo teknologi iraultzetik eratorriko diren aplikapenak garatzeko oinarria ekar dezake.
Aurreikusitako teoria frogatua izan ondoren, eskala azpinanometrikoan argia eta materiaren arteko elkarrekintzan ezagutzaren muga berriak zabaltzen dira, Aizpuruaren ustez orain arte “nanooptikan lan egiten duen zientzia komunitatearentzat nekez eskuragarri izan direnak”.
Javier Aizpurua Fisika Zientzietan doktorea da. Donostiako International Physics Center-eko eta Materialen Fisika Zentro-ko zentruen Nanofotonika ikerketa lerroen arduraduna da. Bertan, nanofotonika arloan nazioarteko abangoardiako taldeekin elkarlanean nazioarteko ikerketa proiektu desberdinak zuzentzen ditu.

