Ainara Ortega hernaniarrak irabazi du Imanol Cover lehiaketa
Ainara Ortega hernaniarra izan da Imanol Cover lehiaketako irabazlea, epaimahaiko kideek hala erabaki baitzuten atzo arratsaldean, Lugaritz kultur etxean egin zuten kontzertuan. Euskadi Irratiak eta Imanol Oroituz taldeak antolatutako ekitaldian izan zen, Donostia Kulturaren babesarekin, eta jende ugari gerturatu zen. Ainara Ortegak eta Satxa Sorazu piano-jotzaileak Zure tristura eta Nire euskaltasuna abestien bertsioak abestu zituzten, eta horiek eman zieten garaipena. Bigarren postuan, El Beso de Klint talde bizkaitarra geratu zen, eta hirugarren, aldiz, Xabier Artiedak eta Victorrek osatutako bikotea. Aipamen bereziak ere banatu ziren kontzertuan: Bidean galduta taldearentzat, Estibaliz Olivares eta Olatz Goikoetxea bikotearentzat eta Lauburu taldearentzat.