Zazpi artistek osatzen dute Galipot
Zazpi euskal artistek, gehienak donostiarrak, osatzen dute Galipot taldea. Mikel Barrero, Myriam Gesalaga, Asun Ramirez de Olano, Gato Urbistondo, Iñaki Intxausti eta Aguas anaiak dira artistak. Itsasoa gaitzat hartuta, erakusketa bateratu bat egin dute: Itsasoa-El mar.
Itsasoa hartu dute gaitzat, baina artista bakoitzak bere ikuspegitik landu du. Mikel Barrero (Erdialdea, 1956) artistaren esanetan, «itsasoak aukera asko ematen ditu. Horregatik, atal ezberdinak aukeratu ditugu gaia lantzeko: itsasargiak, lamiak, piratak eta itsasertzak».
Myriam Gesalagak itsasertzak eta itsasoko munstroen argazki muntaketak egin ditu. Gato Urbistondok tamaina handiko margolanak sortu ditu. Luis Aguasek itsaso eta hondartzen argazki bilduma prestatu du, eta baita koadro argidun bat ere. Tito Aguasek, berriz, bideo-muntaketa bat olatuen mugimenduan oinarritua. Iñaki Intxaustik material ezberdinez osatutako collageak prestatu ditu. Azkenik, Mikel Barrerok bere marrazkiak jarri ditu ikusgai. Ez dira nolanahiko marrazkiak, bakoitzak bere istorio idatzia baitu atzetik.
Itsasoa-El Mar erakusketa Grosen, Miguel Imaz kaleko lokal batean dago jarrita. Zazpi artista euskaldunen lanak asteazkena arte egongo dira ikusgai, baina aurrerantzean ere Galipot taldeak elkarlanean jarraituko du. Mikel Barreroren esanetan, «zailena egin dugu; taldea sortu dugu dagoeneko, eta itsasoaren inguruan lanean jarraituko dugu, itsasoak ematen dituen aukerak amaigabeak baitira».