Zazpi artista euskaldunek osatzen dute Galipot taldea, eta itsasoari buruzko erakusketa bateratua antolatu dute Grosen.

Artista bakoitzak bere modura islatzen du gai; argazkian, Gato Urbistondok lamiei buruz egin duen margolana. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Galipota eta itsasoa eskutik emanda joan ohi dira. Itsasoko urak ekartzen du galipot likatsua hondartzara. Oraingoan, ordea, Galipot taldea lehorretik itsasoari begira jarri da.
Zazpi euskal artistek, gehienak donostiarrak, osatzen dute Galipot taldea: Mikel Barrero, Myriam Gesalaga, Asun Ramirez de Olano, Gato Urbistondo, Iñaki Intxausti eta Aguas anaiak dira artistak. Itsasoa gaitzat hartuta, erakusketa bateratu bat egin dute:
Itsasoa-El mar.
Zazpi begirada
Itsasoa hartu dute gaitzat, baina artista bakoitzak bere ikuspegitik landu du. Mikel Barrero (Erdialdea, 1956) artistaren esanetan, «itsasoak aukera asko ematen ditu. Horregatik, atal ezberdinak aukeratu ditugu gaia lantzeko: itsasargiak, lamiak, piratak eta itsasertzak».

Mikel Barreroren itsasargia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Artelan batzuk aurrez eginak zeuden, Iñaki Itxaustiren itsasargi batzuk edo Mikel Barreroren pirata batzuk, baina beste batzuk propio Itsasoa-El Mar erakusketarako sortuak izan dira. Asun Ramirez de Olano, adibidez, Sevillan bizi izan da urte askoan, eta hemezortzi urte ezer sortu gabe egon ondoren, zeramikazko lanak egin ditu erakusketarako.
Myriam Gesalagak itsasertzak eta itsasoko munstroen argazki muntaketak egin ditu. Gato Urbistondok tamaina handiko margolanak sortu ditu. Luis Aguasek itsaso eta hondartzen argazki bilduma prestatu du, eta baita koadro argidun bat ere. Tito Aguasek, berriz, bideo-muntaketa bat olatuen mugimenduan oinarritua. Iñaki Intxaustik material ezberdinez osatutako collageak prestatu ditu.
Azkenik, Mikel Barrerok bere marrazkiak jarri ditu ikusgai. Ez dira nolanahiko marrazkiak, bakoitzak bere istorioa baitu atzetik. «Batzutan pertsonaia margotu eta ondoren idazten dut testua, beste batzutan, berriz, testuaren ondoren sortzen dut irudia», dio Mikel Barrerok. Edozein modutan, hasiera eta amaierarik gabeko istorioak izan ohi dira. Lamiak eta piratak izaten dira protagonista. Batzutan elkarren artean harremana dutenak, eta bestetan, batere zentzurik ez dutenak.
Piratas de Maribeltz blogean ezagutu daiteke fantasiaz beteriko istorio osoa.
Erakusketa bat baino gehiago
Galipot taldean elkartu diren artistak bakarka ere lan ugari eginak dira, baina, oraingoan, elkarrekin aritzea erabaki dute.

Mikel Barrero, bere lamia maltzurraren ondoan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Mikel Barreroren esanetan, «bateratutako erakusketa askotan, artista bakoitzak bere espazioa betetzen du eta kitto, ez dago artisten arteko harremanik. Galipot taldea, ordea, kontrakoa da. Aurrez ezagutzen genuen elkar, eta gai bakar baten inguruan elkarlanean aritzea erabaki dugu. Nire ustez, erakusketa bateratu bat, artisten elkarketa izan behar du, eta baita beste ekimen batzuen zati ere. Erakusketak egiten diren espazio berean, hitzaldiak, antzerkiak, edo beste edozer egitearen aldekoa naiz ni».
Oraingoan ere hala izan da. Itsasoa-El Mar erakusketa Grosen, Miguel Imaz kaleko lokal batean dago jarrita. Zazpi artista euskaldunen lanak bihar arte egongo dira ikusgai, baina aurrerantzean ere Galipot taldeak elkarlanean jarraituko du. Mikel Barreroren esanetan, «zailena egin dugu; taldea sortu dugu dagoeneko, eta itsasoaren inguruan lanean jarraituko dugu, itsasoak ematen dituen aukerak amaigabeak baitira».
Dena den, oraindik ez dute zehaztu beraien etorkizuna. Momentuz, bakoitzak bere modura itsasoaren inguruan artelanak sortzen jarraituko du, eta espazio egoki bat aurkitzen dutenean beste erakusketaren bat edo ekimenen bat antolatuko dute.
Galipot izenak ere badu bere historia. Atsegina iruditu zitzaien, betikoa, oso hemengoa, itsasoari oso lotua, eta egokia beraien lotura sendotzeko ere. Galipota eta itsasoa, itsasoa eta Galipot artista taldea.