Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek hiru emanaldi eskainiko dituzte hirian, disko berria aurkezteko
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsentzat urte berezia da aurtengoa; hogeita bost urte igaro baitira sudur gorriak eta zapata handiak jantzi eta herriz herri euskara eta alaitasuna zabaltzen hasi zirenetik. Urte horietan bizitako abenturak ospatzeko, disko sinfonikoa grabatu dute euskal pailazoek, euren abestien bertsioak eginez. Larunbatean aurkeztuko dute diskoa Lasarten, eta ondoren birari ekingo diote Euskal Herrian barrena. Hiriari dagokionean, hiru emanaldi eskainiko dituzte: Intxaurrondo kultur etxean igandean izango dira, eta abenduaren 28an eta urtarrilaren 3an Kursaalen.