Santiago Alba Rico, nihilismoa eta oparotasunaren inguruan
Cristina Enea Fundazioak Santiago Alba Rico filosofo eta idazlea gonbidatu du. Udal Liburutegiaren San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan hitzaldia emango du gaur arratsaldean, 19:00etan. Abundancia y nihilismo: la costumbre del fin del mundo (Oparotasuna eta nihilismoa: munduaren azkenaren usadioa) izeneko hitzaldia eskainiko du madrildarrak, Cristina Enea Fundazioak Agurrak egitarauan programatuta.
Oparotasunaren objektuen eta merkantzien auzian sakonduko du. Idazleak berak hausnartzen duen bezala, “Merkantziak; gauzak al dira? Oparotasuneko gizarte batean bizi al gara, dioten bezala?”. Luze hitz egin da (baliabide mugatuez eta planeta txiki eta ordezkaezin batez elikatzen den) trukagarritasun- eta ordezkagarritasun ilusioaren kostu ekologikoen inguruan; ondorengoa, ordea, ez da sarri entzuten: gauzarik gabeko mundu batean, gizakioi gauza-izaera ere ematen ez digun mundu batean, non ezer ez den inoiz puskatzen, modu berdinean, inolako ardurarik gabe trata daiteke dena.
Kapitalismoaren aurkako salaketarik ausartenetako eta zorrotzenetakoan murgilduta dabil azken urteotan Alba Rico, zenbait proiektu politiko eta mediatikotan duen inplikazioaren bidez. Arabiarren kausa babesteagatik ezaguna batez ere, Rebelion.org aldizkari digitalarekin kolaboratzen du maiz.