Boluntarioen eta elkarteen lana ikusgai jarri dute Ibaetan
Ikasle Topaketen barruan, 20 postutik gora jarri dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko campusean
Boluntariotza eta Elkarteen Eguna ospatu zuten atzo EHUko Ibaetako campusean, abian dauden Ikasle Topaketen barruan. Bertan, Euskal Herriko hogei elkartetik gora bildu ziren, haiek egiten duten gizarte eta boluntariotza lana azaltzeko. Gainera, jendea boluntario lana egitera animatzeko ahalbidetu zuten.
Ignazio Maria Barriola eraikinera inguratu ahala, musika entzun zitekeen, eta aterpean hogei bat postu zeuden. Ingurura begiratuta, postuak anitzak zirela nabari zen, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, bazterkeriaren aurkako hainbat erakunde edota Mugarik Gabeko Ingeneritza postuak, esaterako.
«Sareak sortzeko aukera da»
Aloña Bracerasek Alboan GKErekin egiten du lan. Atzoko eguna bezalakoak garrantzitsuak direla iritzi du; «boluntarioak bilatzea baino, jendearengana gerturatzeko aukera bat da, eta baita beste erakundeak ezagutu eta sareak sortzeko ere», azaldu zuen. Azaldu zuen, bulego lana handia dela, baina nazioartean ere aritzen direla, besteak beste, bidezko merkataritzaren arloan edo formazioak ematen.
Rais Euskadik etxebizitzarik gabeko jendearekin lan egiten du; Donostian, barne. Haien ekimenen berri izateko eman zion Irutxuloko Hitzari Itziar Gorostegi boluntarioak. Azaldu zuenez, egiten duten lana ez da asistentziala, baizik eta Eguneko Zentroetan dagoen jendearekin harremanetan egotea du helburu; «gerturatu eta haiekiko ditugun ideiak haustea da helburuetako bat», esan zuen.
Paella eta musika amaitzeko
Gipuzkoako Ikasle Kontseiluko ordezkari Jon Gurutz Arranz zegoen postuetako batean, besteak beste, Ikasle Topaketak antolatzen dabilena. Azaldu zuen, hiru ardatz lantzea dela helburua: ikasleen ordezkaritza, elkartasuna eta aisia.
Bestalde, ondo zihoazela topaketak, aurreko egunean jende ugari hurbildu zela ekimenetara; «atzoko eguna ederki joan zen, 30 bat pertsona aritu ginen tailerretan». Atzoko eguna, bestalde, aukera paregabea iruditu zitzaiela esan zuen; alde batetik, ikasleen lana eta bestetik elkarteena uztartu eta ikustarazteko. Bihar bukatuko dira jardunardiak, zubien lehiaketa, paella jatea eta musika kontzertuak izango dira campusean. Animatzera deitu zuen.


