CCOOk eta UGTk antolatu dute greba, eta mobilizazioekin bat egitera deitu du EH Bilduk
Martxoaren 29an eta irailaren 26an eginiko greben ondoren, Hego Euskal Herriak aurten bizi duen hirugarren greba orokorra da gaurkoa. Martxokoan bat egin zuten CCOOk, UGTk, LABek eta ELAk, eta soilik sindikatu abertzaleek deitu zuten irailekora. Gaurkoan, CCOOk eta UGTk prestatu dute greba, eta eguna “historikoa” izatea espero dute.
Goiz eta arratsaldez izango dira mobilizazioak Donostian. Alderdi Ederretik irtengo dira, 12:00etan. CNTko kideak, berriz, Bulebarretik. Arratsaldean, UGT eta CCOO Bulebarretik irtengo dira 18:30ean; eta CNTkoak Alderdi Ederretik, 19:00etan.
Eusko Jaurlaritzak irailaren 26ko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuak mantendu ditu gaurko. Garraioetan %30eko zerbitzuak jarri ditu; gasolina zerbitzuguneetan ere hori izango da gutxienekoa. Erietxe eta osasun etxeetan, berriz, jaiegunetan egon ohi diren langile kopurua izango da.