Kirola, oztopo fisikoen gainetik dago
Kemen, Euskadiko Elbarrien Kirol Elkarteak antolatu duen argazki erakusketan, hainbat kirolariren ahalegina islatzen da. Anoetan, Kirol Federazioaren egoitzan dago ikusgai erakusketa.
Kirol ezberdinak eta elbarri fisiko ugari ageri dira erakusketan. Kirolari bakoitzak bere mugak ditu, baikoitzak bere helmugak. Baina guztiek abiapuntu bakarra dute, kirola. Eta guztiei hauspo berak eragiten die, kemenak.
Rafa Hernandez (Erdialdea, 1957) Kemeneko kidearen esanetan, «urritasun fisikoak dituzten askorentzako, kirola da aurrera egiten laguntzen dien motorra; kirolaren bidez autonomia maila altua lortzen dute askok, autoestima eta ilusioa berreskuratzen dituzte, istripu edo gaixotasun larriren batetik atera ondoren».
Gizartearen babesa eskasa dela ohartarazi nahi du Kemen Kirol Elkarteak. Pasa berria den Behobia-Donostia lasterketa erakusleiho bikaina izan ohi da kirolari elbarrien ahalegina erakusteko, baina eguneroko lana da gehien eskertzen dutena. Gainera, atletismoaz haratago, egokitutako kirol ugari lantzen dituzte, eta horixe erakutsi nahi dute argazki bilduma honen bidez. Laugarren aldia da kirol egokituari buruzko argazki lehiaketa antolatzen dutena. Hurrengo urteko lehiaketan parte hartu nahi duenak, Gipuzkoako Argazkilaritza Elkartera bidali behar ditu argazkiak.
Erakusketa bihar arte egongo da ikusgai Anoetan, baina Kemen Elkarteak ikusten ez den lanetan jarraituko du egunero.