Casilda Hernaez donostiarrak gaztetatik anarkismoa defendatu zuen, duela hogei urte hil zen arte; Txertoak bere lekukotza jasotzen duen liburua berrargitaratu du.

Biarritz, 1950 inguruan. Ezker eskuin; Adela (Casildaren ahizpa), Felix Likiniano (Casildaren gizona), Patxi Sansinenean (iloba, Likinianoren besoetan), eta Casilda bera. (Argazkia: Txertoa)
Hogei urte bete dira Casilda Hernaez militante anarkista hil zenetik. Donostiarra zen bera, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunagatik etengabe borrokatu zuen. Urteurrenarekin bat eginez,
Casilda miliciana – Historia de un sentimiento liburuaren edizio berezia argitaratu du Txertoa argitaletxeak. Liburuaren hirugarren edizioa da, eta aurrekoekin alderatuz, ohar argigarriak gehitu dizkiote, eta senideek beraiek utzitako argazkiez hornitu dute. Casildak ez zuen batere gogoko egindakoaz hitz egitea, baina hil baino lehenago, Luis Jimenez Aberasturi idazle donostiarrak elkarrizketatu egin zuen. Elkarrizketa horretan oinarritua dago liburua.
Bizitza mugitua
Casilda Hernaez Vargas 1914an jaio zen Donostian, eta gaztetatik parte hartu zuen mugimendu anarkistan. Manuel Chiapuso lagun izan zuen Hernaezek. 1934ko greban atxilotu egin zuten, saski batean lehergailuak zeramatzala, eta 29 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hala ere, urte gutxiago eman zituen itzalpean, 1936an Frente Popularrak bultzatutako amnistiari esker kaleratu baitzuten. Hala, garaiz iritsi zen Donostiara, militarrak geldiarazi zituen herritar mugimenduan parte hartzera. Izan ere, Frankisten altxaldia gertatu zenean, anarkistak izan ziren antolatzen eta aurre egiten lehenak.
Borrokalari sena barruan zeraman, eta hainbat borroketan parte hartu zuen. Errepublika garaitua izan zen garaian, erbestera alde egin zuen, eta Biarritzen hartu zuen ostatu. Bere bikote Felix Likinianorekin batera bizi zen Biarritzen, eta lehenengoetako beteranoak izan ziren 1950. hamarkadaren bukaeran, euskal iheslari uholde berriarekin bat egiten. Diotenez, bikotearen etxean nazien eta frankisten aurkako hainbat ekintza prestatu zituzten. Gustura geratu zen Biarritzen Casilda, eta 1992an hil zen.
Casilda Hernaez, Casilda milizianoa bezala igaro da historiara. Berak, ordea, ez zuen gogoko ezizen hori. Nahiago zuen borrokalari eta iraultzaile bezala identifikatua izan. Azken batean, miliziano izatearena bere alderdietako bat bakarrik izan zela diote. Ekintzaile sindikalista izan zen, feminismoaren bultzatzaile sutsua, eta ingurugiroarekiko errespetuzko bizitzaren aldekoa. Bere ibilbidea baloratzeko garaian, oso zuhurra izan zen beti Hernaez.
Argitalpena
- Izenburua. Casilda miliciana-Historia de un sentimiento.
- Egilea. Luis Jimenez Aberasturi.
- Argitaletxea. Txertoa.
- Aurkezpena. Gaur, Kaxilda liburu dendan (Arroka kalea, 6), 19:30ean.
Luis Jimenez Aberasturi; Idazlea: “Ikur bat da; bizitzeko eta ekiteko modu zehatz baten lekukotza utzi zuen”

(Argazkia: Txertoa)
Txertoa argitaletxearen sortzailea da Luis Jimenez Aberasturi (Donostia, 1943). Editorea eta idazlea da, eta hainbat liburu argitaratuak ditu. 1985ean kaleratu zuen lehen aldiz
Casilda miliciana liburua, orain, bere heriotzaren urteurrenarekin bat eginez, berriro argitaratu du liburua, hainbat hobekuntzekin.
Bi hitzetan, zein izan zen Casilda Hernaez?
Bi alderdi ditu erantzunak; batetik, zein izan zen, eta bestetik, zergatik egin zen ezaguna. Borrokalaria izan zen batetik, eta bestetik, bizitza natural eta hobe bat defendatzen zuen, guztientzat hezkuntza merezi zuena. Lehen zatia da ezagunena, borrokalariarena; eta beti jarri nahi izan dute Anarkismoaren parean emakume ordezkari bezala, hainbat gertakizunen errua botaz. Ez zuten ulertzen, Casildak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskatzen zuela, bere eskubideekin eta betebeharrekin. Borrokatzeko garaia iritsi zenean, berak ere parte hartu nahi izan zuen, gizonek egiten zuten moduan. Hala ere, bere benetako filosofia ez zen hori, borrokari 1934an ekin zion, errepresioaren aurrean. Aurretik, ordea, beraiek izan ziren, esaterako, Donostiako Udalari hondartza nudista bat eskatu ziotenak; eskaera onartua izan zen, eta Groseko hondartzan jarri zuten. Beste adibide bat izan daiteke, maiz antolatzen zituztela txangoak mendira, haragiaz hain dependienteak ez ziren menuekin. Azken batean, anarkista taldearen arrisku nagusia zen, guztiei pentsatzeko aukera eman nahi zietela. Gizarte tradizionalarekin hautsi nahi zutenez, irakurketa ezkorra egin izan da beraien inguruan, terroristak zirela esanez. Ez dira oroitzen, garai hartan alderdi politiko guztiek zituztela borroka taldeak.
Zer zuen berezia Casilda Hernaezek zuretzako?
Ikur bat da; bizitzeko eta ekiteko moduaren lekukotza utzi zuen. Berak nola jarduten zuen eta zergatik egiten zuen azaleratzen du liburuak. Ziur aski benetako miliziana eta anarkista bakarra izango da; gerra aurretik eta ondoren. Bukaerara arte bizi izan ziren euren pentsamoldearekin. Beretzako ezinezkoa zen beste modu batekoa izatea.
Nola lortu zenuen Casilda Hernaezi elkarrizketa bat egitea?
Sekula ez zuen egindakoaz hitz egin nahi izaten; egindakoa egina zegoela zioen. Egin nioen elkarrizketa aberatsagoa izango litzateke bera xehetasun gehiagotan sartu izan balitz, baina ez zuen nahi. Manuel Chiapuseren laguntzari esker lortu nuen elkarrizketa.
Nola oroitzen duzu?
Oso zintzoa zen berearen defentsan. Ez dago berarekin zertan ados egon behar. Garai hartako politikari asko elkarrizketatu ditut, eta batzuek alderdiaren diskurtso osoa botatzen zidaten; beste batzuek, berriz, naturaltasunez eta eskuzabaltasunez hitz egiten zidaten. Casilda oso naturala zen hitz egiterakoan, eta esaten zuen horretan sinisten zuen.
Zergatik erabaki zuen Biarritzen geratzea?
Erberteratua egon zen, eta gero gustura zegoen bertan. Inguru hartan bazen mugimendu anarkista, eta bere munduan bizi zen. Bere ideiei sendo heldu zien hil zen arte.
Egiatarra zen, ezta?
Bueno, donostiarra zen, baina berak La Inclusan jaioa zela zioen. Gurasoek onartzen ez zituzten haurrak uzten zituzten bertan, baina gero bere aitak onartu egin zuen… oso familia bohemioa zuen; eta jatorri Inka zuela uste zuen, edozer asmatzeko gai ziren.
Zer gehitu diozue zehazki liburu berriari?
Pertsonaia hobeto ezagutzeko, biografia sendo bat gehitu diogu, baita hainbat argazki ere. Gainera, daten eta pertsonen inguruko zuzenketak egin ditugu. Beraz, hirugarren edizio hau, mardulagoa eta zuzendua dagoela esango genuke. Alde guztietan agertzen ziren argazkiak lortzea erraza zen, zerbait gehiago zekarten argazkiak lortzea, berriz, zailagoa izan da.