Mundu eleanitzean euskararen iraupenari buruz erakusketa egin dute
Dinamiko eta parte hartzailea den erakusketa hiru euroren truke izango da ikusgai, otsailaren 17a bitartean
Mundu eleanitzean euskarari eskainitako erakusketa aurkeztu zuten atzo San Telmo Museoan. Badu Bada. Euskara mundu eleanitzean izeneko erakusketa, otsailaren 17ra bitartean ikusgai izango da. Etxepare Institutuak eta San Telmo Museoak ekoiztu dute, eta Donostiako Udala eta Donostia Kulturaren laguntza izan dute, besteak beste. Sarrerak hiru euro balio ditu, eta asteartetan doakoa izan da.
Koldo Mitxelenaren esaldi bat hartu zuten abiapuntu erakusketa azaltzeko: «Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria». Honela, Euskara eta Kultura zinegotzi Nerea Txapartegik esaldia azpimarratu zuen, esanez, euskararen iraupena dela, Badu Badaren ardatzetako bat. Gaineratu zuen, ez dela beste edozein erakusketa bezalakoa izango; «akaso, inoiz egin den erakargarriena da, eta erreferentea izango dela ziur gaude», adierazi zuen.
Izan ere, erakusketak euskara du ardatz, baina beti ere eleaniztasun testuinguruan kokatuta. Hori oinarri hartuta, mundu eleanitzaz eta hizkuntzen arteko bizikidetzaz hausnartu eta eztabaidatzeko gunea dela azaldu zuten.
Bisitariek osatzeko aukera
Badu Bada, espazio aldakorra izateko dagoela pentsatuta azaldu zuen Txapartegik, «edonork hizkuntzen iraupena eta bizikidetzaren inguruan esateko duena adierazi ahal izango du erakusketa fisiko zein birtualean», esan zuen. Izan ere, webgunea jarri dute abian parte hartze hori ahalbidetzeko, besteak beste.
Sartu eta berehala, bisitariak hitz egiteko, idazteko, iritzia emateko, argazkiak ateratzeko, grabatzeko… gonbita jasoko du.
Bestalde, erakusketa izateaz gain, hizkuntza gutxituen ezagutza, onarpena eta promozioa ahabidetuko duen espazio egokia eta iradokitzailea izango dela adierazi zuen.
STMren lehen ekoizpena
San Telmo Museoko zuzendari, Susana Sotok azaldu zuen, haien lehenengo ekoizpen propioa zela erakusketa hau. Izan ere, 2010ean pentsatzen hasi zirela, oraindik museoa ireki gabe zegoenean.
Euskara ondarea dela adierazi zuen, denen artean, hiztunen artean osatzen dena, eta horregatik utzi dutela bukatu gabe; «denek osatu eta aberasteko erakusketa da, dela esperientziekin…», esan zuen.
Hamar erakusketa txiki
Badu Badak bere barnean hamar erakusketa txiki barneratuta ditu. Ibilbidean barrena, euskararen hainbat alde ikusi ahal izango dira, askok jolaserako aukera ematen dutelarik. Gune ezberdinek gai ezberdinak jorratuko dituzte. Besteak beste, (A)hotsak, Kodeak, Hizkuntza bizia, Euskararen iraupena, Erabili, maitatu, ikasi, irakatsi, Gozatu, jolastu, edo Agurra(k) daude. Azken guneak dinamikoenak dira, eta horietan ekarpenak utzi daitezke.
Azkenik azaldu zuten, erakusketaz gain, hainbat jarduerek osatuko dutela Badu Bada.


