Gabonetako aparteko ordainsaria dela eta, bihar bilduko da udal gobernua oposizioarekin
ELAk deituta udaletxean protesta egin dute funtzionarioek, Iruzurrik ez! lelopean.
Kanpin denda jarri eta zalapartaz hartu dute udaletxeko halla hainbat langilek. Deialdia ELAk egin badu ere, protestara CCOO ere gehitu da, eta bertan Iruzurrik ez! lelopean, gabonetako aparteko ordainsariaren inguruan udal gobernuak hartutako neurriaren kontra aritu dira.
Juan Karlos Izagirre alkateak, langileen protesta guztiz zilegia dela adierazi du, eta bihar oposizioarekin eta etzi sindikatuekin bilera deituta dutela, aparteko ordainsariaren inguruan duten proposamena aurkezteko; “espero dut, biharko bileran gauzak argitu ahal izatea”, esan du.
Gaineratu du foro bat abian dela gaiaren inguruan eztabaidan, zehazki, Giza Baliabideak ari dela gaia lantzen; “gaia lantzen ari da eta epe laburrean zerbait jakingo dute, udal gobernuaren proposamenari buruz”, azaldu du.
Hartutako neurrien inguruan, adierazi du, helburua langileek murrizketa ahalik eta gutxien nabaritzea dela; “lasaitasun mezu bat bidali nahi dut, ez baitute aldaketarik nabarituko”, esan du.
Uztailekoa, urtarrilean
Gabonetako ordainsaria ezabatzen duen Espainiako Gobernuak ezarritako dekretuari aurre egiteko formula azaldu zuen ostiralean udal gobernuak. Zehazki, funtzionarioek gabonetako aparteko ordainsaria, urtarrilaren 2an kobratuko dute, eta hau, 2013ko uztailekoa aurreratuz ordezkatuko dute. Formula hau 2014 arte mantenduko litzateke.
ELAk, protestaren arrazoia, hilabete luzeetan negoziaketarik egin nahi ez eta azken batean “Raxoiren dekretua” aplikatuko dutelako egiten dutela adierazi du. Udal gobernuak egindako proposamena “iruzur hutsa” dela dio, eta beste politika batzuk aplikatzeko moduak daudela. Udal gobernuaren proposamena, ez dela 2013ko pagak aurreratzea besterik, eta horrek ez diela langileei segurtasunik ematen, ez baitakite 2013an zer pasatuko den. Biharko bileran eztabaidatuko dituzte ikuspuntuak alde biek.