Golak, poza eta garaipena itzuli dira Anoetara (4-0)
Realak garaipena eskuratu du berriro Anoetan, Madrilgo Atletico eta Espanyolen kontra etxean jarraian izandako bi porrotak eta gero; eta ez edonola, gainera, lau gol egin baititu zaleen aurrean. Hain zuzen ere, txuri-urdinek Vallecaseko Rayo hartu dute mendean (4-0), Carlos Velaren (2), Mikel Gonzalezen eta Chory Castroren golei esker. Zaleek partida bukaera lasaia izan dute behingoz.
Lehenengo zatian, Velaren bi minutuko inspirazioak eman die abantaila txuri-urdinei. Eskubiarekin lehenengo eta ezkerrarekin, gero, 2-0ekoa jarri du mexikarrak 31 eta 33. minutuen arteko epean. Bigarren zatian, 61. minutuan, Mikel Gonzalezek norgehiagoka erabakita utzi du. Gaua biribiltzeko, Chory Castrok laugarrena egin du 77. minutuan.
Malagan eta orain Anoetan jarraian lortutako bi garaipenen ostean, Reala bederatzigarren postuan da sailkapenean, Europatik jaitsiera postuetatik baino gertuago.