Kortxoenea gaztetxearen izaeraren isla
Groseko gazteek eraikinaren fatxada kolore biziekin margotu dute, asteburuan egindako auzolanaren bitartez.
Kortxoenea gaztetxeko fatxada margotzeko auzolana egin zuten joan den larunbatean, egoitzak merezi duen itxura dinamikoa irudikatzeko erronkarekin. Jarduera giro ezin hobean egin zuten, gaztetxeko lagunek azaldutakoaren arabera. «Gure helburua horma-irudiak gaztetxearen izaeraren isla izatea nagi genuen, eta lortu dugulakoan gaude; estilo aniztasuna, kolore bizi ugari, alaia…», nabarmendu dute.
Alde batetik, eraikin nagusia koloretako hirukiz bete zuten eta, bestetik, aparkalekuaren aldeko horman bestelako horma-irudi eta graffitiak osatu zituzten. «Oraindik lana amaitzeko zertzelada batzuk falta bazaizkigu ere, lan nagusia amaitu dugu, eta emaitza txukunarekin, bai horixe», erantsi dute Kortxoeneakoek.
Ostiralean, gaztetxearen aurpegi berria bertatik bertara ikusteko aukera ederra izango dute herritarrek.Hain zuzen ere, Groseko gazteek antolatu ohi dituzten ekimenen zerrenda luzearen barruan, musika izango da aukeran, 21:30ean; Emakumearen Indarkeriaren Aurkako kontzertua, hain justu. On eta Protokukaratxa taldeek joko dute.
2010eko ekainaz geroztik
Kortxoenea gaztetxea Groseko Indianoene kaleko 16. zenbakian dago, eta 2010eko ekainaren 26an okupatu zuten auzoko gazteek. Ulia mendiaren magalean dagoen eraikina kortxo eta txapa fabrika bat izan zen urteetan zehar, 1983an Zurriola Ikastolak erosi zuen arte. Ondorengo urteetan erabilpen ezberdinak eman zizkion ikastolak guneari; antzerki eskola izan zen nagusi, 800 antzezlan baino gehiago egin baitzituzten. Geroago, ikastola handitzeko lanak zirela eta, orubea saldu zuen Zurriolak.
Garai honetan suteek beheko pisua hondatu zuten, eta gazteek okupatu eta txukundu zuten. Egun liburutegia, wifi gunea, tailerra, entsegu lokala eta grabaketa aretoa, sukaldea, baratza eta oilotegia ditu eraikinak, besteak beste.