Urrezko Bikain ziurtagiria lortu du Antiguako Larramendi ikastetxeak
Antiguako Manuel Larramendi ikastetxeak Urrezko Bikain Ziurtagiria lortu du. Era honetan, Gipuzkoan lorpen hau duen hirugarren ikastetxea bihurtu da. Bikain Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiria da. Honen bidez, euskararen erabilerari buruzko kudeaketa maila neurtzen dute. Sari banaketa, bihar, azaroaren 22an, izango da; Gasteizko Europa Jauregian, hain zuzen ere. Bertan, Bikain ziurtagiria jasoko dute hainbat erakundek, Eusko Jaurlaritzako arduradunen eskutik.
Ziurtagiria lortzeko kanpo ebaluazio bat egiten dute erakundean eta bertan arlo hauek aztertzen dituzte: erakundearen irudia, komunikazioa, barne eta kanpoko erlazioak eta kudeaketa linguistikoa. Ikastetxearen Bikain aitortza Eusko Jaurlaritza eta Euskaliten arteko lankidetzaren ondorio da eta, hauekin batera, Confebask, SEA, Cebek, Adegi eta Euskadiko kooperatiben elkartearen laguntza ere badu, baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundia, Euskaltzaindia eta Eudelena ere.