Euskarazko prentsa ere artelana da
Hamar gune ezberdinetan dago banatua Badu Bada erakusketa; bertako, irudi, hitz nahiz ahots guztiek euskara dute ardatz.
Euskararen egiazko misterioa irapena da, ez jatorria. Koldo Mitxelenaren esaldi hauxe da Badu Bada, euskararen inguruko erakusketaren ardatza.
San Telmo Museoan dago ikusgai erakusketa ostiralaz geroztik. Erakusketa handia da Badu Bada. Hamar gunetan banatua dago, baina milaka dira biltzen dituen mezuak, sentipenak, datuak, bitxikeriak. Denboraz ikusi eta sentitu beharreko erakusketa da, korridoreetan barrena antolatua badago ere, hizkuntza bera bezala, mugaezina baita igorri nahi duen mezua.
Hamar gune, hamar mezu
Euskarak bizirik iraungo du hiztunik badu, ikasia bada, maitalerik badu, irakatsia bada. Hizkuntza bizirik da ukitzen bada, aitormenik badu, mugitzen bada, komunikabiderik badu.
Pisu izugarria duten mezu txiki ugari jasotzen dira ibilbidean zehar. Euskarak munduan duen lekua azter daiteke begirada ezberdinetatik: bere txikitasuna, bere handitasuna, bere jatorria, norabidea, bere izaera edo beste hizkuntzekin duen harremana.
Euskarak mendeetan izan dituen erasoak islatzen ditu erakusketak, eraso horiei aurre egin eta bere hitzak herrialde eta garai ezberdinetara moldatzeko izan duen trebetasuna ere azpimarratzen da. Euskal Herri osoan lurraldeka duen egoera anitza ere garbi ikus daiteke mapa eta koloreen bitartez.
Esparru zabala lantzen du euskararen erakusketak, baina ez da erakusketa itxia. Zazpi, zortzi eta bederatzigarren guneetan bisitariak bere ekarpena uzteko aukera dauka, adibidez.
Kioskoa
Erakusketaren zazpigarren gunea plaza txiki baten modukoa da. Eluska Ugalde, San Telmo Museoko komunikazio arduradunaren esanetan, «eguneroko bizitzan euskara hutsean aurki ditzazkegun hainbat produktu bildu ditugu gune honetan».
Euskal Herrian ekoitzitako produktuak, bide-seinaleak, iragarki taulak eta kiosko bat ere badago euskararen txoko honetan. Kioskoan euskaraz idatzitako prentsa aurki daiteke. Bertan izango da egunero, Irutxuloko Hitza ere, noski.
Herri aldizkariak, astekariak, Berria, eskualde ezberdinetako Hitzak, aldizkari espezializatuak, denetarik ikusi eta irakurri daiteke Badu Bada erakusketako kioskoan. Gainera, kioskoa ahalik eta eguneratuena edukitzen saiatuko dira. Eluska Ugalderen esanetan, «Euskal Herri osoko prentsa idatzia biltzen saiatu gara. Badakigu baten bat faltako dela, beraz, garaiz dabiltza, kioskoa zabalik egongo baita egunero. Nahi duenak, aldizkaria, astekaria, egunkaria edo dena delakoa hartu eta irakurri dezake»
Euskaraz hizki, hitz, eta orrialde asko idazten dela argi islatzen du kiosko honek. «Urtetako esfortzu handia dago letra hauen artean, eta idatzizko sormen lana ere goraipatu nahi izan da», dio Eluska Ugaldek.
Badubadatzen
Badu Bada erakusketa otsailaren 17a arte egongo da ikusgai, eta bitartean beste hainbat ekimen ere antolatuko dira erakusketaren haritik. Badubadatzen deituriko jardunaldietan, azoka, pertsona ezagunek lagunduriko bisita gidatuak, tailerrak, txotxongiloak, hitzaldiak etab egingo dira.
Bertso, kontaketa, hitz, bideo edo idatzien bidez, mezu bakarra igortzen du erakusketak: euskara euskaldunon altxorra dela.





