Ikasleek Realeko jokalariekin pasa dute goiza
Axular Ikastola eta San Luis La Salle ikastetxeko ikasleak Zubietan izan dira Realeko jokalarien lana gertutik ikusteko.
Donostiako bi ikastetxeetako ikasleak izan dira denboraldiko lehenengo bisitariak Zubietan, Realaren entrenamendua ikusten.Ikasle bakoitza bere modura txuri urdinez jantzi, aurpegia margotu, gelan edo lagun artean prestatutako kartelak hartu eta gogotsu hurbildu dira bosgarren mailako hainbat ikasle Zubietara.
Gustura ibili dira han eta hemen kuxkuxean, baina begirada beti Realeko jokalariak noiz ikusiko zain. Antoine Griezmann, Asier Illarramendi, Claudio Bravo, eta Xabi Prietoren izenak izan dira agian, gehien errepikatu direnak, baina guztiak dituzte maite. Edonoren, eskua ikutu nahiko lukete, muxu bat eman edo irrifar bat jaso.
Kantuak, txaloak eta eztarriak urratu arterainoko oihuak eskaini dizkiete jokalariei, eta agur apal batzuk jaso dituzte ordainetan, baina jokalari txuri-urdinak bertatik-bertara ikusteko aukera izatea nahikoa izan da ikasleentzako.
Bisita amaitzeko Chory Castro eta Iñigo Martinez izan dituzte aurrez-aurre. Futbol adituen moduan, galdera zorrotzak egin dizkiete ikasle batzuk. Iñigo Martinezi, zelai erdiko jaurtiketak lantzen ote dituen galdetu diote, adibidez.
Hortaz gain, ostiralean jokatuko den Reala eta Osasunaren arteko derbirako bina sarrera eman dizkiete Axular ikastola eta San Luis La Salle ikastetxeko ikasleei. Gainera, partidaren aurretik jokalarien eskutik zelaira ateratzeko aukera izango dute hainbat ikaslek.
Amets Bat ekimena hamabost egunetik behin burutzen da, eta beti Realak etxean jokatzen duen astean. Horrela, Gipuzkoako ikastetxe askotako ikasleek goiz bat Zubietan pasatzeko aukera izaten dute. Gaur sortu den giroa ikusita, txuri-urdinek animo faltarik ez dute izango.