Santo Tomaseko postuek badute aurten nork kudeatu
Urtero bezala, Santo Tomaseko postuen zozketa egin dute gaur goizean, udaletxeko udalbatzar aretoan. Aretoa ikastetxe, unibertsitate eta elkarteetako kideez betetzen da, postua lortuko ote duten eta non tokatuko ote zaien esperoan
Ikastetxe bakoitzak postu bat du ziurtatuta, baina askok postu bat baina gehiago eskatzen dute eta hor komeriak. Aretoa gainezka zegoen, izan ere, 37 ikastetxek 106 postu eskari egin zituzten, eta bestalde, 80 elkartek postu bana eskatu zuten. Guztira, 50 leku zozketatu dira.
Batzuk lasai zeuden hasieratik, izan ere, postu bakarra eskatu zuten ikastetxeek ziurtatuta baizuten gunea. Eskari bat baina gehiago egin zutenak ordea, ez zeuden hain lasai, horiei ere, bakarra egokitzen baitzaie.
Ziurtatu gabe zegoena, baina, kokalekua zen, eta horrek, asko baldintzatzen du diru sarreren zenbatekoa.
Gauzak honela, lehen araua argi utzi zuten: ikastetxe edo elkartearen izena esan eta ordezkaririk ez balego, zuzenean kanporatuta geratuko litzateke. Hala, lehen izenak esaten zihoazela, batzuek baina gehiagok ospatzen zuten izendapenak erantzunik gabe geratzea.
32 ikastetxe eta 18 elkarte
Ikastetxe batzuk azaldu ez direnez, elkarteei zegozkien 13 postuak 18 postutan bilakatu dira, haien pozerako.
Postua ziurtatuta edo lortuta izatea ez da baina nahikoa. Izan ere, garrantzia handia du postuaren kokalekuak. Aritz Araneta Herri Ametsa Ikastolaren ordezkari gisa inguratu da zozketara. Anaia du bertan ikasten eta haren ordez joan da. Eskari bakarra egina zuten, beraz urduritasun gehiegirik ez dute izan zozketan, bai ordea, kokalekuari dagokionez; «Sarriegi plazan tokatu zaigu, eta ez da hainbeste saltzen», dio.
Deustuko enpresaritzako ikasle Jon Badiola pozik azaldu da bestalde. Batetik postua tokatu zaielako eta bestetik Konstituzio plazan egokitu zaielako. Jende gehien eta lan gehien egiten den gunea da hori, asko atzetik ibiltzen direna. Gogoratzen du, lizeoarekin postuan lan egindako urte hura, baina onartu du, hartan irakasleek egiten zituztela txistorrak, eta aurten ezberdina izango delakoan dago; «animatuta eta ilusioarekin gaude», dio. Lortutako dirua ikas bidaierako bideratuko dute.
Zozketan zehar, hainbat elkarteren izenak esaten zituztenean altxa du eskua Agustin Rodriguezek. IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio, Altzako bost elkarteren ordezkari moduan etorri dela zozketara. Pozik dago bost horietatik hiru tokatu zaizkielako, baina onartu du ere, ez zutela espero; «orain jendea bilatzen hasi behar gara! Izan ere, bira iristen gara, baina ea hiru betetzeko adina jende lortzen dugun!», dio. Bulebarrean eta Gipuzkoa plazan tokatu zaizkie postuak.
Santo Tomas egunean, beraz, gogotsu hartuko dute postuetako lan eguna, ikastetxe, elkarte edo unibertsitateko kideek. Lana ez dute faltako behintzat.