Abian da Xare azoka
Euskal kultura digitalaren azokak ateak ireki ditu. Kursaalen mahai inguruak, hitzaldiak eta erakustaldiak izango dira gaur eta bihar
Euskarak Interneten duen lekua aztertzeko eta bultzatzeko asmoz, Xare azoka egin dute Kursaalen. Mahai inguruak, hitzaldiak eta erakusmahaiak izango dira gaur eta bihar. Gaur goizean zabaldu ditu ateak. Aurkezpenean izan dira Juan Karlos Izagirre alkatea, Nerea Txapartegi Kultura ordezkaria, Lore Martinez Gipuzkoako Diputazioko Informazio Gizarteko zuzendaria eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendaria.
Xare azoka Eragin komunikazio enpresak antolatu du. Iñigo Martinez arduradunak azaldu du euskara sarean “indartzea” dela erronka, eta oharkabean pasatzen diren egitasmoak eta eragileak, eta horiek ikusaraztea dela azokaren helburua. Izan ere, sarean euskaraz lan egiten duten eragileek hartu dute Kursaal. Xare azoka esperimentu bat dela esan du Martinezek, eta horrelako ekimen bat egiten den lehen aldia dela azaldu du. Aurrera begira, oraingoa aztertuta, azokarekin jarraitzeko asmoa dute.
Ezohiko aurresku batekin inauguratu dute azoka; Koldo Almandoz eta Angel Aldarondoren Aurrescue film laburraren proiekzioarekin. Iraultza digitalak musikan izan duen eragina ere izan dute hizpide. Forki musika kazetariak PIAS diskoetxeko zuzendari Geoff Muncey elkarrizketatu du mahai-inguru batean. Euskararen erronkak teknologia berrietan, Internet bidezko erosketa molde berriak, online harremanak… Asko eta asko izango dira Xare azokan aztertuko dituzten erronkak eta aferak.


