Emaus Fundazioak Foru Aldundiaren Zero Zabor saria jaso du
Hondakinak Prebenitzeko Europar Astearen harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak Zero Zabor saria eman dio Emaus Gizarte Fundazioari, Gipuzkoa garbiagoa eta iraunkorragoa egiten laguntzeagatik.
Sari banaketan Foru Aldundiko diputatu nagusia, Martin Garitano, Ingurumen eta Lurralde antolaketako diputatua, Iñaki Errazkin, eta Emaus Fundazioko kudeatzailea, Begoña Cabaleiro izan dira.
Lehenengo Zero Zabor saria da, eta Emaus Fundazioak diploma eta sei mila euro jaso ditu. Iñaki Errazkinen hitzetan, “merezitako saria da, hondakinen kudeaketa jasangarria eta berrerabilpena bultzatzeaz gain, gizarte bazterketa jasaten duten hainbat pertsonei lan egiteko aukera ematen dielako Emausek”.
Martin Garitanoren esanetan, “Emaus berrerabilpenaren erreferentzia bihurtu da, eta baliabideak hartu eta bota egin beharrean naturarekin errespetu handiagoz jokatu behar dela ohartarazten digute beraien lanarekin”.
Baliabideen berrerabilpena eta hondakinen kudeaketa jasangarria dira, hain zuzen ere, Foru Aldundiak bultzatu nahi duen Zero Zabor proiektuaren oinarrian.
Emaus Gizarte Fundazioa
Hogeita hamabi urte bete ditu aurten Emaus Fundazioak. Eguneroko jarduera txikiekin lan handia egiten dutela uste du, Emausko kudeatzaileak, Begoña Cabaleirok. Hunkituta jaso du Foru Aldundiaren saria. “Oso pozik gaude jaso dugun sariarekin, lanean ohituta gaudelako, baina ez sariak jasotzen”, esan du Begoña Cabaleirok.
Emauseko kideek zaborren maitaletzat dute euren burua. Hondakinak ere baliabideak zirela ohartu ziren duela hogeita hamar urte eta ordutik lan eta lan dabiltza kontsumo arduratsua eta berrerabilpena bultzatuz. Datorren astean Emaus Gizarte Fundazioaren lana gertutik ezagutzeko aukera izango da IRUTXULOKO HITZAn.



