Kutxa herritarren interesen aurka doala salatu dute
Asteazkeneko Kutxaren batzarrean eta ondorengo administrazio kontseiluan gertatutakoa “lotsagarria” eta “oso kezkagarria” dela azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Martin Garitanok eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek.
Batetik, batzarra eta administrazio kontseilua osatzeko prozesua bera lotsagarria izan dela adierazi dute; “gardentasun eza, demokrazia falta eta errealitatea desitxuratzeko asmoa nabarmenak izan dira”, adierazi dute.
Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundian Bilduk gobernua izan arren eta baita Donostiako Udalean zein Gipuzkoako udal gehienetan ere, ordezkaritza hori ez dela errespetatzen salatu dute. Hau zehazki, EAJri zuzendu diote, izan ere, PSEren, PPren eta bi sindikaturen laguntzarekin, eta “trikimailuak erabilita” egin duela hori esan dute.
Bi entitate sortzaileetako ordezkariek, Kutxari eskatzen diote zabaldutako bidean atzera egiteko eta sorreran zuen izaerari eusteko. Bestalde, batzarraren ostean, Xabier Iturbek kaleratutako oharrari heldu nahi izan diete; “bertan zioen eztabaida politikoari amaiera emateko ordua dela eta Kutxaren helburuez eta etorkizunaz hitz egiteko garaia dela eta eztabaida politikoa mantentzea Kutxaren eta gipuzkoarren kalterako litzatekeela. Bada, bi erakundeontzat benetan kaltegarria da Kutxak hartu duen norabidea eta, beraz, asteazkeneko batzarra bertan behera uzten ez badu, bihar bertan esan dezala zer asmo duen Kutxarekin, argitu dezala zer egingo duen, pribatizazioarekin, Kutxako langileen baldintzekin eta etxe kaleratzeekin. Bestela, aurrez aurre izango gaituzte” adierazi dute.
Azkenik, Kutxa aurrezki kutxa izaera galtzen ari dela esan dute eta Kutxabanken eratze prozesua agerian uzten ari dela hori. Izan ere, besteak beste, pribatizazioari ateak ireki dizkiotela, burtsan kotizatzeari ere bai, etxe kaleratzeak eta desjabetzeak gelditzeko asmo irmorik ez dutela eta obra sozialak gero eta pisu txikiagoa duela esan dute.
Kaleratzeak gelditzeko
Azkenik, kaleratzeen gaiari eutsi diote; “Donostiako Epaitegiak atzo bertan jakinarazi zuen donostiar batek semearentzat lokal bat etxebizitza gisa berritzeko eskatutako mailegua ez ordaintzeagatik Kutxak lokala bereganatu zuela, baina horrekin herritarrak ez zuela zorra kitatu eta, ondorioz, bere etxebizitza galtzeko arriskuan dagoela. Horren aurrean, emandako hitza betetzeko eta kaleratze guztiak bertan behera uzteko exijitzen diogu Kutxari. Bestela, esan bezala, aurrez aurre izango gaitu” adierazi dute.


